Etxebizitza sozialak eta errentakoak egiteko ahaleginean dabil Udala

Iker Barandiaran 2008ko ots. 21a, 12:04
Udalean sartu zirenean Udalaren antolamendu eta ekonomia egoera eskasa zela argitu dute. Arbiñosteko ekimen pribatuek legez Udalari etxebizitzak egiteko dirua emango diete. Kuatruena eremuan etxe gehiago eta merkeagoak egiteko elkarrizketetan dabil Udala.

Udal gobernuak jakitera ematen du etxebizitzaren gainean Udalak daukan politika, prentsa ohar baten bitartez. Hain zuzen ere, Eskoriatzako EB-Berdeek orain dela gutxi Udalaren etxebizitza politika eza salatu zuten, eta horri erantzuteko modua ere bada argitara eman duten idatzia.

Udal gobernuaren esanetan, etxebizitzarena eskoriatzarrek daukaten arazo nagusienetako bat da. Horren harira, honako hau azaldu dute: "Administrazio pubikoen ardura handienetako bat herritarrei modu onean etxebizitza duina eskuratzeko erraztasunak ematea denez, legealdia hasi bezain laster, lanari heldu genion arazo hori konpontzeko asmo garbiarekin". Baina, horren aurrean traba batzuk izan dituztela azpimarratu gura izan dute: "Udalaren ardura hartu genuenean Udalak zeukan antolamendu eta ekonomia egoera txarra zela eta, hori traba latza izan da eskoriatzarren eguneko arazoei erantzuteko".

Etxebizitza sozialak egiteko
Horrez gain, beste traba bat izan dutela argitu digute, herrian dauden etxebizitza ekimen pribatuekin lotuta: "Aurreko legealdian kasu egin barik gelditu ziren Santa Marina, Aranburuzabala eta San Juan-Hidalgan etxebizitzak egiteko ekimenak. Eta kontua da, ekimen horiek lurzoru lege berriak behartuta, Udalari diru kopuru bat ematera behartuta daudela".

Hala, Udal gobernuaren esanetan, Santa Marina edo Arbiñosten egin beharreko 150 etxebizitzen ondorioz, Udalak miloi bat euro inguru jasoko luke. "Gure asmoa da diru hori etxebizitza sozialak egiteko erabiltzea, baina etxebizitza pribatuak egin artean ezin dugu diru hori izango dugula ziurtatu".

Ekimen pribatuek baldintzatu
Hain zuzen ere, Udal gobernuak argitu du Arbiñosten egin behar dituzten etxebizitza tasatuen proiektua abian dagoela, eta horregatik Visesarekin pozik daudela. Gainontzeko ekimenekin, pribatuekin, kexa handiagoak dituzte. "Aurreko legealdian beste ekimen horiek geldi egon ziren eta ez dakigu zergatik. Horren erantzule diren lau enpresekin harremanetan jarri izan gara, eta argi eta garbi azaldu diegu lanak aurrera eramaten ez badituzte, desjabetzeak egin ditzakegula.

Kuatruenan, etxe merkeagoak
Bestalde, Elorreta eta Kuatruena eremuetan proiektatutako luxuzko etxebizitzen eraikitzaileekin harremanetan jarri da Udala, etxe txikiagoen kopurua handiagoa izan dadin, eta prezioak "onargarriagoak" izan daitezen. Horrez gain, aurreratu digute Kuatruenan etxebizitza tasatuak eraikitzeko modua aztertzen dabiltzala.

Bukatzeko, azpimarratu dute Jaurlaritzako ordezkariekin hainbat batzar egin dituztela udalerrian errentako etxebizitzak eraiki ahal izateko aukerak aztertzeko. Udala leku baten bila dabil Jaurlaritzari eskaintzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak