Etxean erabilitako landare-olioa jasotzeko esperientzia pilotua jarriko dute martxan

Goiatz Arana Begiristain 2009ko aza. 25a, 15:55
Etxean dugun edozein ontzitan bota ahalko da olioa edukiontzira. Esperientzia pilotua datorren astean abiaraziko dute eta, ondo irteten bada, litekeena da Mankomunitateak sistema Debagoiena osora zabaltzea.

Lau edukiontzi egongo dira: Santa Ana kalean –auto-eskola parean–, San Juanen –fruta dendaren aurrean–, Intxaurtxuetan –San Pedro kaleko  bidegurutzean– eta Aranburuzabalan –Ezkurra enpresa parean–, eta bakoitzak 900 litro olio hartzeko gaitasuna izango du. Edukiontzi horietara erabilitako landare-olioa botatzeko etxean dugun edozein ontzi erabili ahalko da, plastikozkoa zein beirazkoa. Olioa bio-diesela egiteko berrerabiliko da eta plastikoa eta beira ere birziklatu egingo dira.

Inbutu bereziak

Segurtasunagatik, olioa hoztu eta gero sartu behar da ontzietan, eta horretarako Mankomunitateak banatuko dituen inbutu berezi batzuk erabili ahalko dira. Horien bitartez, olioa zartaginetik botilara arazo barik pasa eta modu garbian gordeko da, adibidez. Inbutu horiek udaletxean, Ibarraundi Museoan eta liburutegian banatuko dituzte datorren astean hasi eta abenduaren 18ra arte, baina ezinbesteko baldintza da aurrez etxean jasotako gutuna aurkeztea.

Orain arte baino olio gehiago batu gura dute

Mankomunitateko Ingurumen batzordeko buru Pedro Lasagabasterrek azaldu du, birziklatu edo berrerabili ezean, etxean erabilitako olioak arazo asko sortzen dituela erreka eta araztegietan. Sistema honen bitartez, arazo horiek saihestu eta orain arte baino olio gehiago batuko da, bere esanetan. Gaur egun, bi astean behin etortzen den furgoneta bat arduratzen da Debagoieneko etxeetan erabilitako landare-olioa jasotzeaz, Arrasaten izan ezik. Arrasaten edukiontzi batzuk dituzte –beste era batekoak– eta konturatu dira edukiontzien bitartez olio gehiago batzen dela, egun eta ordu denetan jo daitekeelako bertara, furgoneta noiz etorriko zain egon barik. Jendeak zerbait finkoa eskatzen du. 

Debagoiena osora zabaltzeko aukera

Merkatuan dauden sistemak asko dira, ordea, eta esperientzia pilotu honen bitartez emaitzak ikusi eta alderatu egin gura dituzte. Urtebeteko epean esperientzia ondo joan dela ikusiz gero, Mankomunitateak ez du baztertzen sistema hori Debagoiena osora zabaltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak