Eskola Agenda XXI programaren harira, umeek publizitateaz arduratzeko eskatu diote Udalari

Mirian Biteri 2009ko eka. 1a, 11:58
Eskoriatzako osoko bilkuren aretoa umez bete zen eguaztenean. Luis Ezeiza herri ikastetxeko eta Arizmendi ikastolako Almen guneko 20 bat ikasleek publizitatearen gaia landu dute ikasturtean zehar eta eguaztenean zer egin duten erakutsi eta horren harira, hainbat konpromiso har ditzaten eskatu zizkieten udalbatzako kideei.

Lehenengo eta behin, lehen zikloko ikasleek berba egin zuten. Herriko atarte guztietan Publizitaterik ez postontzietan jartzea eskatu zieten. Jarraian, bigarren ziklokoek hartu zuten hitza. Udal webgunean konzienziazio kanpainak egiteko eta Udalak bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzeko konpromisoak har ditzala eskatu zieten.

Hirugarren ziklokoen eskaerak honakoak izan ziren: Publizitatea paper birziklatuan egitearen aldeko kanpainak bideratzea, ale kopurua eta iragarkien tamaina kontuan hartuz; eta publizitatearen praktika onak jarraitzen dituzten entitateak diruz laguntzea.

Publizitate kanpaina

DBHko ikasleek ere egitasmoan parte hartu dute. Adierazpen libreko guneak jarri eta ongi mantentzeaz arduratu; Herri mailan jartzen den publizitatea toki horietara mugatu; publizitatearen gaineko araudia egin eta bete; eta Udalak dendei erakusleihoetan, produktuen prezioa jartzea gomendatu beharko liekeela uste dute ikasle horiek. DBH 2. ziklokoek, gainera, publizitatearen inguruko kanpaina diseinatu dute eta hori Udalak dituen baliabideetan -webgunean edo Teleskon, esaterako- eman dezala eta jasangarritasunaren aldeko mezua txertatzeko eskatu zieten, herria kontzientziatzeko.

Lana zelan egin duten ere azaldu zuten. Otsailean hasi ziren gaia lantzen. Ziklo bakoitzeko maila bateko taldeak egin eta Ibarraundin museoan publizitatearen nondik norakoak aztertu eta hainbat froga egin zituztela jakinarazi zuten; tartean, iragarkiak aztertu, bertan esaten dena frogatu, marken eta prezioen arteko loturak ikusi, espontsorizazioa aztertu eta kontra-publizitatea egin.  Horretarako, laguntza teknikoa izan zuten.

Alkatearen erantzuna

Ikasleen eskaerak entzun ostean, Pedro Lasagabaster alkateak hartu zuen hitza, udalbatzaren izenean. "Pazientzia apur bat" izan dezatela eskatu zien, esandakoarekin "ados" baldin badago ere, gauzak ezin direlako "egun batetik bestera" aldatu. Horren harira, azaldu zien eskaerak batzordeetan landuko direla eta erantzunak idatziz jasoko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak