Erretiratu talde batek eta Udalak iturri bat jarri dute Aingeru Guardan

Iker Barandiaran 2008ko api. 22a, 19:30
Erretiratuen eta Udalaren artean Aingeru Guarda txukuntzen dabiltza. Jarlekuak ipiniko dituzte, eta baranda eta zebra-bidea jartzea eskatu dute

Azken urteotan Aingeru Guarda ermitaren ingurua asko hobetzen dabiltza. Lehenengo pausoa herriko erretiratu talde batek egin zuen, Aingeru Guarda ermita berreskuratzeko lanak bere gain hartuta.
Gerora, Udalak hainbat konpromiso hartu zituen, erdizka bete dituenak. Hala ere, azken urteotan egin duten Zuhaitz Egunaren bitartez, hainbat zuhaitz landatu dituzte inguru hartan.

Ur-hartunea baliatuta
Egunotan, erretiratu talde horren beste eskaera bat bete da: herriko erretiratu talde horrek Udalera jo zuen iturri baten eske. Hain zuzen, Udalak erosi eta Aingeru Guardan jarri dute, Udaleko brigadaren eta erretiratuen lanari esker.
Inguru hartako tailer eta bestelakoek erabiltzeko ur-hartunea dagoela baliatuta, iturria jarri dute bertan; eta dagoeneko hainbat ibiltarik estreinatzeko aukera izan dute.

Zebra-bidea eta eskudelak
Erretiratu taldeko kideek azaldu digute beste eskaera bat egin dietela Udalari eta Aldundiari: Aingeru Guardaren alboan zebra-bidea jartzea. Bigarren aldia da eskaera hori egiten dutela, aurrekoan Aldundiak eskaera atzera bota zuen-eta.
Horrez gain, Udalak jarleku batzuk jarri gura ditu; eta erretiratuek ingurunean egoten diren ibiltariak autoetatik babesteko barandalak jartzea ere gura dute, eta horretan ere badabiltza.
Bestalde, badira beste asmo batzuk Aingeru Guardan eragingo dutenak. Hain zuzen ere, Eskoriatzako alkate Pedro Lasagabasterrek jakinarazi digu Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari eskatu diola Aingeru Guarda inguruan gatz biltegi bat jartzeko.

Gatz biltegia jarriko dute
Udalak onartu egin du eskaera eta, hilabeteko epean-edo, biltegia Eskoriatzan jarriko dute. Biltegi hartan, gatza gordeko dute, eta hura baliatuko dute, izotza dagoenean, Aldundiko langileek errepidean botatzeko.

Biltegiak 15 metroko luzera izango du eta 100 bat tona gatz sartu ahal izango dira. Sistema horren bitartez, posible izango da kamioiak biltegiaren azpian jarri eta gatzarekin betetzea.

Herriko artistek apainduta
Horrekin batera, alkateak azaldu digu, biltegi horren tamaina kontuan hartuta, Udala harremanetan jarri dela herriko hainbat artistarekin biltegia apain  dezaten. Herriko artistek oso ondo hartu dute proposamena, eta horietako batzuk hasi dira zer marrazki egingo duten aztertzen. Aldundiak finantzatuko du apainketa, jakina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak