Bihar inauguratuko dute Zubiate labea

Arritxu Barruso 2010ko eka. 27a, 13:35
Ehun urte eta gero Zubiate labeak bihar, astelehena, berriro ere ateak irekiko ditu; inaugurazio ekitaldia 12:00etan egingo dute. Ibarraundi museoarekin batera kudeatuko da Zubiate labearen gaineko erakusketa eta bisita gidatuak egingo dira. Horretarako, baina, komeni da aldez aurretik Ibarraundi museora deitu eta hitzordua egitea (943 71 54 53).

Felix Zubiatek 1910. urtean utzi zion Eskoriatzan zeramika egiteari. Garai hartan ez zuen jakingo, etorkizunean, buztingilearen figura eta lana ezagutzeko benetako altxorra uzten ari zela; zorionez berreskuratu eta balioan jarri ahal izan dena.


Eskoriatzako Zubiate labea Euskal Herrian gordetzen den zeramika labe adibide onenetakoa da, eta gaur egunera iritsi den mota horretako (arabiarra) bakarra Gipuzkoan. 2002an Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun izendatu zuen.

Enrique Ibabek, La Ceramica Popular Vasca liburuaren egileak, 1974an aurkitu zuen labe zaharra, beste instalazio batzuen artean ezkutatuta. Labearekin batera zeuden tornu gela, lehorketa guneak eta zeramika biltegiak, baina gaur egun gordetzen den elementu bakarra labea da. Aranzadi zientzia elkarteak eraberritu du, hain justu.

'Bi esku buztina lantzen'

Bada, astelehenetik aurrera labea bera, eta XIX. mendeko buztingintza eta zeramikagintza gertutik ezagutzeko aukera izango da Eskoriatzan. Izan ere, Zubiate labea berreskuratzearekin batera, Bi esku buztina lantzen izeneko erakusketa ipini dute Intxaurtxueta kaleko aretoan.

Erakusketa bost gunetan dago banatuta eta panel informatibo, argazki eta ikus-entzunezkoen bitartez zeramika ekoizteko prozesu guztia azaltzen da, hasieratik amaierara arte, XIX. mendera bidaiatuz.

Bost gune, bost urrats

Lehenengo gunean Zubiate labearen ezaugarriak eta historia ezagutuko ditugu, eta benetan daukan garrantziaz jabetuko gara. Ondoren Felix Zubiate moduko buztingileen eguneroko lana ezagutuko dugu. Erakusketaren bigarren geldiuneak lehengaia du ardatz; lurra nondik ateratzen zuten eta nola bilakatzen zuten buztin. 


Hirugarren atalean, berriz, buztinari forma nola eman ikasiko dugu; ikus-entzunezko baten bitartez tornu-gela ezagutuko dugu. Eta behin forma emanda, piezak labean sartuko ditugu; erakusketaren laugarren gunea eta garrantzitsuena: labea bera.
Ganberan otea erreta lortzen zuten erregaia. Beroak labean gora egiten zuen, parrillako zuloetatik barrena, piezak zeuden tokira iritsi eta haiek egosi arte. Labekada bakoitzean hiru edo lau hilabetetan zehar egindako pieza guztiak sartzen zituen buztingileak. Hamabost ordu inguru behar izaten ziren piezak egosteko eta bi edo hiru egun haiek hoztu eta atera ahal izateko. 


Erakusketaren bosgarren gunean prozesuaren emaitza ikusi ahalko dugu: amaierako produktua. Erakusketaren atal honetan Udalak 2005ean Vitoriano Larrañagari erositako zeramika bilduma ikusiko dugu: pitxarrak, platerak, ontziak, mahaiko zeramika, oheak berotzeko erabiltzen ziren botilak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak