Azkarretazabal sendiaren abenturak jaso dituzte

Iker Barandiaran 2007ko aza. 30a, 11:01
Arkarazoko Kaiñenako Juan Azkarretazabalek Ameriketara jo zuen XVI. mende hasieran. Juan konkistatzaile ezaguna izan zen; eta Pedro semea negozio-gizon oso aberatsa.

Arkarazoko Azkarretazabal (gaur egungo Kaiñena) etxean jaiotako Juan Azkarretazabal edo Juan De Mondragonek XVI. mende hasiera aldera jo zuen Leintz ibarretik Ameriketara. Hala uste dute historialariek. Militar eta kolonizatzaile oso esanguratsua bilakatu zen. Gerora, haren seme Pedrok Potosiko (gaur egungo Bolivian) zilarrezko harrobiak ustiatu zituen eta Hegoamerikako gizon aberatsenetakoa bihurtu zen.  


Juanek testamentua idazterakoan eskatu zuen diru kopuru  handi bat Eskoriatzan ospitale bat egiteko baliatzea, berak Eskoriatza jaioterritzat zuen-eta. Eta haren bi bilobak Leintz ibarrera bueltatu ziren eginkizun hori burutzera. Aipatutako ospitalea gaur egun HUHEZIko eraikin zaharra da.

EUSKOSAREKO JARDUNALDIETAN
Familia horren hiru belaunaldien gaineko historia jaso duena Arrasateko Ana Isabel Ugalde irakaslea da. Ugalde Artearen historian espezializatuta dago eta beste ikerketa baten ondorioz  Azkarretazabal familiaren berri izan zuen. Hala, Eskoriatzako, Oñatiko, Gasteizko eta Madrilgo artxibategietara buelta ugari egin zituen, familia horren ibilbide eta pasarteek erakarrita.

Ikerketa hori Euskosarek antolatutako Euskal Herria Mugaz Gaindi izeneko laugarren mintegian aurkeztu zuen Ugaldek. Udaberritik gaur egunera arte ibili da Ana Isabel Ugalde ikerketa hori egiten, eta egilea bera zur eta lur gelditu da familia horren gainean deskubritutako guztiarekin: "Hainbat datu eta data ezin izan ditut egiaztatu... asko orduko testiguen esanak, jasotakoak, dira, baina harrituta gelditu naiz Azkarretazabal delakoek lortu zuten guztiarekin", azpimarratu digu Ana Isabel Ugaldek.

GERLARI ETA NEGOZIO GIZONAK
Juan Azkarretazabalek Hegoamerikan zegoela deitura aldatu zuen, eta horren ordez De Mondragon jarri zuen. Konkistatzaile eta gerlari amorratua izan zen, eta Gaztelako erregeek ere oso presente izan zuten. Juanek indiar batekin Pedro semea izan zuen. Pedrok ondasun itzela egin zuen; eta Pedroren bi semeek Euskal Herrira jo zuten XVI. mendearen bukaeran horien tutore Bernardo Mostrencorekin. Euren eginkizuna zen Eskoriatzan ospitalea eraikitzea eta hori abian jarri zuten, nahiz eta bi semeak oso gazte hil ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak