Amuska emakumeen elkarteak batzarkideak berritu ditu

Iker Barandiaran 2008ko ira. 29a, 19:43
Amuska emakumeen elkarteak, urtero moduan, batzarkideak aldatu ditu. Uda aurretik egin zuten batzarra, baina irailean eman dituzte izenak jakitera. Honako hauek dira gaur egungo karguak: presidentea, Dorleta Urrutia; idazkaria, Gurutze Idigoras; diruzaina, Filo Martinez; eta gainontzeko batzordekideak: Nerea Egiguren, Maria Angeles Sanz, Izaskun Zubizarreta, Maria Jesus Uribe eta Mari Jose Gilgado, hain zuzen ere.

Amuska orain dela 21 urte eratu zen elkarte moduan, baina aurretik herriko hainbat emakume antolatuta zeuden izen horrekin. Gaur egun elkarteak 145 bazkide dauzka; gazteenak 33 urte izango ditu eta nagusienak 80 inguru.

Emakumeen aisialdia antolatu

Elkarteko arduradunek hasierako asmo berberekin jarraitzen dute: emakumeek aisialdia lantzeko eta antolatzeko baliabideak eta aukerak ematea.
Dena dela, elkartekoek beti argitu dute eurek antolatutako ekintzetan gizonezkoek ere esku hartu dezaketela. "Lehentasuna bazkideek dauzkate, baina gizonak ere ongietorriak dira, jakina", azaldu zuten.

Herriko eragile esanguratsua

Bestalde, nabarmendu beharra dago Amuskak esku-hartze handia izaten duela udalerrian egiten diren ospakizun eta ekitaldi berezietan: Danborradan, Olentzeron, Erretiratuen jaian, Urdelardero Egunean, Aste Zapatistan eta abar... "Udalarekin elkarlanerako hitzarmen bat adostuta daukagu eta horrez gain laguntza eskatzen diguten guztietan esku hartzen dugu".
Are gehiago, udalerrian egiten diren ikastaro gehienak antolatzen ibiltzen dira.
Hala, ikastaroei dagokionez, Amuskak prest dauka ikasturte honetarako ikastaro eskaintza. Astelehena eta martitzena izango dira izena emateko egunak. Interesatuek kultura etxera jo beharko dute 18:00etatik 19:30era bitartean.

Aurten honako ikastaroak antolatu dituzte: ehoziriak eta bainika, olio-pintura, eskulanak, antzerkia eta patchwork. Azken hori, gainera, aurtengo berrikuntza da. Iaz, berriz, antzerkia lehenengo aldiz egin zuten eta aurten errepikatu egingo dute.


Horrez gain, berbaldietarako ideia ugari dituzte eta horren finantzazioaren zain daude. Txangoei dagokionez, urriaren 25ean Santanderko El soplao kobak ikustera joango dira, eta martxoaren 8an ere beste ibilaldi bat egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak