Aitzorrotz mendiko gaztelua berreskuratzen dabiltza. Bihar, eguena, hasiko dituzte indusketa lanak, eta hilaren 15a arte ibiliko dira egunero hiru lagun azterketa arkeologikoa egiten.
Gazteluaren oinarriak
Aitzorrotzeko ermita azpian daude erdi aroko gazteluaren oinarriak, eta horiexek bistaraziko dituzte Larrate indusketa enpresako adituak. "Metro eta erdiko sakoneran daude oinarriak, gutxi gorabehera. Indusketa lan hauekin gura dugu agerian utzi gazteluko sarrerak zeintzuk ziren edo dorre nagusia non zegoen, adibidez", dio Larrate enpresako Iñaki Sagredo historialariak. "Gazteleu horretan egin ziren azken azterlanak, Ignacio Barandiaranek zuzendu zituen 60en hamarkadan. Harrez gero ez da ezer egin, eta oinarriekin batera agertuko diren keramika piezak edo bestelako elementuak, laborategira eramango ditugu ikertzera. Urtebeteko lana dugu", gaineratu du Sagredok.
Bisita gidatuak
"Indusketa lan hauek gizarteratu egin gura ditugu eta, besteak beste, bisita gidatuak antolatu ditugu. Azaroan, adibidez, erakusketa jarriko dugu Ibarraundin, eta hitzaldiak ere egingo ditugu urtea bukatu aurretik", aurreratu du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak.
Lehen bisita gidatuak urriaren 10-11-12 asteburuan egingo dituzte, eta hurrengo asteburuan bigarren txandakoak.