Ibarraundi museo berria zabalduko dute Eskoriatzan

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko aza. 22a, 10:10
Ibarraundi jauregia birgaitu berri du Eskoriatzako udalak. Hara eramango dute Museo Eskola; horrekin batera, turismo eta informazio gune ere izango da.

Eguenean aurkeztu zuten udaleko eta museoko arduradunek Eskoriatzako Museo Eskolak izango duen egoitza berria: Ibarraundi jauregia. 2.000. urtean eskatu zuen udalak jauregia birgaitzeko proiektua, eta dagoeneko bukatu dituzte birgaitze lanak. Itxaronaldia luzea izan dela azaldu zuten, baina merezi izan duela, “Ibarraundi gure herriak bizi izandako historiaren adierazgarri delako, eta kokaleku ezin hobea delako museoarendako”, Isabel Guridi museoko arduradunaren esanetan. Goitik behera birgaitu dute jauregia eta gaur egungo beharretara egokitu, Hidalga kalean dagoen egoitza txiki geratu baita.

Hala, lau erakusketa gela egokitu dituzte hiru solairutan: lehenengoa behe solairuan dago, Leintz Areto du izena eta Leintz bailarako Erdi Aroko historiaren gaineko elementuak jasoko ditu; lehenengo solairuan beste bi erakusketa areto daude, eta horietan, Paleolito garaian hasi eta gaur egunera arteko historiaren garapena egongo da ikusgai; laugarren aretoa, berriz, bigarren solairuan dago. Aitzorrotz du izena eta ingurumenari eta arkeologiari eskaini diote. Horrez guztiaz gain, aldi baterako eta denetariko erakusketetarako beste gela bat ere badu.

Museoaz gain, gainerako zerbitzuak ere eskainiko ditu Ibarraundik: behe solairuan harrera eta denda txiki bat daude; baita Eskoriatzako zazpi elizateen eta, oro har, Debagoienaren gaineko informazioa emango duen gunea ere. Horixe da, hain zuzen, Isabel Guridik nabarmendu duen gauzetako bat: “Museoak jasotzen dituen erakusketez gain, inguratzen gaituen natura eta kultura ondarea ere ezagutarazi ditzan nahi ditugu. Horretarako informazio gunea izango du Ibarraundik behe solairuan”.

Bestalde, herritarren zerbitzura irekita egongo da eraikina. Behe solairuan 101 m2-ko ikus-entzunezko gela dauka eta Leintz Areto izena duena ere herritarren zerbitzura egongo da: hitzaldietarako, bileratarako, ezkontzatarako... erabili ahal izango da. datorren urtean inauguratuko dute Datorren urteko ekainean inauguratuko dute museoa; San Pedro inguruan izango da, seguruenik. Eraikineko lanak bukatuta daude, baina museo zaharretik berrirako trasladoa egin beharra dago. Hori egiteko udaberrira itxaron nahi dute, ordura arte ikastetxeetako bisitak hitzartuta dituzte-eta. Hala eta guztiz ere, Ibarraundin badira berehala erabiltzen hasiko diren aretoak; behe solairuko hitzaldien gela, esaterako. Datorren astean Zubillagako hiltegiaren gaineko bilera egingo dute han kaltetuek.

Museo eskola, aro berri baten aurrean

Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalerriak banatu zireneko 350. urtemugaren ospakizuna izan zen Eskoriatzako Museo Eskolaren abiapuntua. 1980. urtean izan zen hura. Bi herrien material etnografikoak batzen zituen erakusketa antolatu zuten Errosario Santuko Ospitalean –gaur egun, unibertsitatea.

Esperientzia hark animatu egin zuen Eskoriatzako udala erakusketa gela txiki bat antolatzera. Haiek izan ziren hasierako urratsak, baina gela hura ere berehala txiki geratu zitzaien, eta azkenik, gaur egun ezagutzen dugun eraikinera eraman zuten. Haatik, hori ere txiki geratu zitzaien aspaldi, Isabel Guridik aitortu duenez eta hainbat asmo ezin gauzatu ibili dira. Orain, Ibarraundi daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak