Peiremans+ taldearen Elgetako kontzertua abenduaren 19ra atzeratu dute

Eneko Azurmendi Barrena

Haritz Beristain Txiki, Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda. (Argazkia: Peiremans+).

Soinu teknikariek greba deialdi bat iragarri dute azaroaren 26 eta 27rako eta, hain zuzen, azaroaren 27an zen Peiremans+ Elgetako Espaloia antzokian jotzekoa. Hori dela eta, abenduaren 19ra atzeratzea erabaki dute.

Gorka Urbizuk, Imanol Ubedak eta Haritz Beristain Txiki-k osatzen duten Peiremans+ taldeak atzeratu egin du Elgetako kontzertua, Halley Tour 2026 birari hasiera ematekoa zena.

Soinu teknikariek greba deialdia iragarri dute azaroaren 26rako eta 27rako, haien lan-baldintzak hobetzea aldarrikatzeko, eta hori da arrazoia. "Deialdi horrekiko elkartasuna adierazi nahi dugu eta, horrenbestez, azaroaren 27ko kontzertua bertan behera uzteko erabakia hartu dugula jakinarazten dizuegu", azaldu digute.

Espaloia antzokian kontzertua antolatzeko arduradunekin harremanetan jarri ostean, kontzertua abenduaren 19an egitea adostu dute eta, beraz, hilaren 27ko emanaldirako sarrerak ordurako balioko du. "Abenduaren 19an bertaratzea ezinezkoa bazaizu, zure sarrera itzultzeko aukera izango duzu, noski, entradas.blackizar@gmail.com helbidera idatzita", nabarmendu dute.

Sarrera fisikoak ere saldu dira herrian, Janela tabernan. Balio izango dute abenduaren 19rako. Eta inork nahi balu bueltatzea Goibeko euskaltzaleen mugimendutik adierazi digute erraztasunak jarriko dituztela. "ulertzen dugu jendeak beste plan batzuk izan ditzakeela, edota ezinezkoa izan dakiokeela egun horretan egotea. Egia esan, erraz asko erosiko dizkio edonork sarrera horiek, baina Janela tabernan utzi nahi baditu dirua bueltatuko zaio. Horiek berriz jarriko dira salgai, hau da, sarrerak bueltatu ahala egongo dira Janelan salgai".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak