"Mimoz eta pazientziaz" egindako tripakientzat, Gipuzkoako txapela

Mireia Bikuña

Bittor Gallastegi, lehen sariarekin.

Haizea tabernak Gipuzkoako Tripaki Lehiaketako txapel nagusia jantzi zuen, bigarrengoz, Arrasaten egindako proban. "Pazientziarekin eta mimoz egiten ditugu tripakiak. Jenero ona izatea ezinbestekoa da, eta behar duen denbora ematea ere bai. Egoste denborari neurria hartu diogu. Gure tripakiek beti dute pikante puntua", esan du Bittor Gallastegik.

Haizea tabernan egunero daude tripakiak, eta bezeroek animatuta parte hartu zuen iazko txapelketan. Hura irabazita, aurten ezin zuen hutsik egin, eta txapela berretsi du. "Tripaki goxoak egiten ditugula sinistu beharko dugu dagoeneko. Egia esan, urteetako jardunarekin, eta behin eta berriz prestatuta, neurria hartu diogu dagoeneko. Pentsa, 28 urte daramagu tabernan, eta astero, batez beste, 20-25 kilo tripaki egiten ditugu".

Prestatutako tripakien itxura, zaporea eta testura hartu zituzten aintzat epaimahaiko kideek. Azken bietan eragin zuzena dauka erabiltzen den jeneroak. "Leku berean erosten ditugu tripakiak. Badakigu jeneroa ona dela, eta ahora sartu orduko tripakia desegin egingo dela". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak