Intxortako frontea ezarri izanaren 90. urteurrena ekarriko dute gogora, Elgetan, domeka goizean. Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak antolatuta, antzeztutako mendi ibilaldia (09:00), urteurreneko ekitaldi nagusia plazan (13:30), zein giza-eskubideen aldeko Hitaz Orhoit dantza ikuskizuna eta Orratz Begia: gerrako umeak erakusketaren irekiera iragarri dituzte egitarauaren barruan.
Antzeztutako mendi ibilaldiak hiru bat orduko iraupena izango du eta 09:00etan abiatuko da Andra Mari plazatik. Antolaketa egokirako garrantzitsua da aurrez izena ematea.
Ekitaldia plazan
Plazako ekitaldiari dagokionean, jarduneko alkate Ikuska Lizarraldek adierazi du urteurren borobila izanik Elgetako erresistenteei aitortza egiteko baliatuko dutela, eta hitzartzeen ostean lore eskaintza egingo dutela gerran hildakoen omenez udaletxeko horma nagusian dagoen plakan.
Donostiako Kresala dantza konpainiaren Hitaz Orohoit dantza ikuskizunak emango dio amaiera ekitaldiari. "Basakeria eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez" sortutako lana dela adierazi dute egileek, eta bertan keinu berezia egiten zaiela "historiaren itzal bazterrean ahaztuak izan diren emakumeei".
Erakusketa antzokian
Plazako ekitaldia amaitutakoan, Espaloia kafe antzokian egingo den Orratz Begia: gerrako umeak izeneko erakusketaren irekierara gonbidatu dituzte herritarrak.
1936ko gerran erbesteratutako 34.000 ume euskaldunen gaineko erakusketa da. Gehienak Ameriketara, Belgikara, Kataluniara, Frantziara, Britainia Handira eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera bidali zituzten. Memoria horren transmisioan oinarritutako lana da erakusketa. Olerkien bidez eta lan artistikoaren bidez, familia-oroitzapenak ondare bizi bihurtzen ditu erakusketak, iragana eta oraina interpelatuz.
"Egia osoa" eta "justizia"
Frankisten lehen erasoaldien 90. urteurrenean "egia osoa" eta "justizia" aldarrikatzen dituzte bai Elgetako Udalak bai Intxorta 1937 kultur elkarteak. Aurten, gainera, urteurren bikoitza betetzen da; izan ere, 40 urte dira herritar talde bat gertatutakoak ahanzturatik ateratzeko lanean hasi zela. Intxorta 1937 memoria elkartearen lehenengo urratsak izan ziren.
Elkarlanaren emaitza dira, besteak beste, 2007an inauguratutako Intxortako Atea, 2010ean zabaldutako memoria historikoaren euskal interpretazio zentroa zein bisitak egiteko lubakien gunea, eta 2024ko apirilean gerran hildakoen omenez haien izenekin plazan ipinitako panela.