Urriaren 4an beteko dira 90 urte Intxortako frontea ezarri zela. Urteurrena gogora ekartzeko, bisita gidatu antzeztua antolatu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak.
Hiru bat orduko mendi irteera izango da; 09:00etan abiatuko da, Andra Mari plazatik, eta 12:30ean amaitu, Intxortako Atea monumentuan. Tartean, Salbador ermitatik, Intxorta Txikitik eta Belgikarren Posiziotik igaroko dira bisitariak. Ibilbidean, besteak beste, Arratiako konpainiako gudarien etorrera, sendagileen lana, artilleria eraso bat eta batailaren errekreazio bat ikusteko aukera izango da.
Arratiako konpainia gogoan
Bisita gidatuan Arratiako konpainia omenduko dute. "Elgetara heldu zen lehen gudari taldea izan zen. 145 lagun etorri ziren", azaldu du Intxorta 1937 kultur elkarteko Nerea Villak. "Ez zegoen haiendako armarik, eta herrian itxaron zuten hurrengo egunera arte. Goizean meza entzun, elizatik irten eta armak jaso zituzten frontera igotzeko. Hori da, hain zuzen ere, bisita gidatuan lehenengo irudikatuko duguna. Uste genuen 1936ko urriaren 4an kaosa eta inprobisazioa izan zirela nagusi Elgetan, baina baieztatu dugu gauzak guk uste baino hobeto antolatu zirela. Miguel Escoin guardia zibila eta Eduardo Urtizberea mikeletea zeuden agintari, eta heltzen ziren batailoi guztiak antolatzeko ardura hartu zuten. Belgikarren Posizioa finkatuta zegoen irailaren 26rako, Kanpanzar aldeko fronte eremuan UHP, Dragones eta Arana Goiri batailoiak zeuden, eta urriaren 3an iritsitako 145 arratiarrak karlistek hartutako Gaztelumendi tontorra berreskuratzeko lanetan jarri zituzten. Gaztelumendi berreskuratu ezean, ez zen posible izango urriaren 7an lehen euskal estatutua sinatzea Gernikan, Elgetako estatutua izenez ezagutzen dena".
Boluntarioak behar dira
Antzezpena egiteko boluntarioak behar dira. Gidoia eginda dago; Oihan Larrañegik, Ander Agirrek eta Aratz Guridi elgetarrak egin dute. "Paper nagusiak banatuta daude eta materiala prest dago, baina amaierako borrokaldirako hogei bat figurante behar ditugu oraindik", esan du Nerea Villak. "Arratiako konpainia omenduko denez, Arratian ere egin dugu antzezpenean parte hartzeko deialdia, baina debagoiendarrei ere dei egiten diegu". Interesatuek 653 72 40 28 telefonora deitu behar dute.
Bisita egiteko izen-emateak
Bisita gidatu antzeztuaren antolaketa egokirako, izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Hiru talde egingo dira, denek ibilaldia erosotasunez egin dezaten. Hemen eman daiteke izena.
Ekitaldi gehiago izango dira urriaren 4an Elgetan. Urteurreneko ekitaldia 13:30ean izango da Mendizaleen Plazan. Ondoren, Kresala dantza taldearen Hitaz Orhoit dantza ikuskizuna eta Orratz Begia: gerrako umeak erakusketaren irekiera egingo dute Espaloian.