Hemen da 2026-2027 ikasturtea eta astelehenean joko du berriz ere txirrinak Elgetako Herri Eskolan. Txikienak –bi urteko gelakoak– martitzenean hasiko dira eskolan, hilabeteko egokitzapen-aldiari ekiteko. Jangela zerbitzua lehen egunetik egongo da martxan eta ikastetxeko zuzendaritzak aurreikusten du irakasle taldea hemeretzi lagunek osatuko dutela.
Gela bat gutxiago eskolan
Ikasle kopuruari dagokionean, jaitsiera txiki bat egongo da iazko datuekin alderatuta: hiru ikasle eta gela bat gutxiago izango ditu eskolak ikasturte honetan. Lehen Hezkuntzan 82 ikasle daude izena emanda –iaz baino bat gehiago–, baina Haur Hezkuntzan 27 –iaz baino lau gutxiago–.
Jaitsiera horren ondorioz, Haur Hezkuntzan gela bat gutxiago izango du ikastetxeak eta bi izango dira: alde batetik HH2-HH3 taldea egongo da, eta bestetik HH4-HH5 gela. Lehen Hezkuntzako gelen banaketari dagokionean, sei gela izango dira, maila bakoitzeko bat.
Lehen eskolaratze indartsua
Gela bat gutxiago izan arren, albiste positiboa bi urteko gelan dago. Iaz lau ume hasi ziren eta ikasturte honetan hamar ikasle berri hartuko ditu bi urteko gelak, herriko eskolatze datuak indartuz.
Bestetik, zuzendaritzatik adierazi dute aurreko urteetan abiatutako lan-ildoei eta proiektuei jarraipena ematea dela aurten ere helburua: elkarbizitza, lan-giro positiboa eta Elgeta Herri Hezitzailea egitasmoa bultzatzea. "Batetik, azken ikasturteetan hasitakoak jarraitu eta sistematizatu nahiko genituzke. Bestetik, eskolak parte hartzen duen proiektu ezberdinekin aurrera jarraitzea nahiko genuke, eskola komunitatearen parte hartzean eta elkarbizitza giro positiboan fokua jarrita, beti", azaldu dute.
Haur eskolan patio berria eta zazpi ume
Haur eskolan gaur zabaldu dituzte ateak eta egokitzapen egunak dituzte. Zazpi ume daude matrikulatuta: 0-1 urteko ume bat eta 1-2 urteko sei. Iaz sinatutako lan hitzarmenak horrela ezarrita, lanaldi osora dauden bi hezitzaile finko izango ditu zerbitzuak.
Bestetik, udan berritutako patioa da nobedadea. "Udaletxearekin elkarlanean eta talde hezitzailearekin batera lortutako proiektua da", azaldu du zerbitzuko koordinatzaile Eneritz Vazquezek.