Elgetako haur eskolak prest du kanpoko jolasgunea. Kimu Bat enpresak egin ditu lanak udan eta 27.991 euroko aurrekontua (BEZ kanpo) izan dute. Aterpea eta jolasgune berria sortu dituzte, kanpoko espazioari "erabilgarritasun handiagoa" emateko. "Udalarekin elkarlanean eta Elgeta Herri Hezitzailea ekimenaren baitan egindako proiektua da. Hiru urteko prozesua izan da. Udaleko, eskolako, haur eskolako eta liburutegiko ordezkariak izan gara lantaldean", azaldu du zerbitzuko koordinatzaile Eneritz Vazquezek.
Bi gune dituen patioa
Patio berrituak bi gune ditu; alde batetik, estalpea eta txirrista dauden espazioa, eta bestetik, belargunea non zuhaitz bat, hondar-kutxa eta egurrezko enbor zatitxoak dauden. Vazquez pozik agertu da espazio berriak hartu duen itxurarekin eta esan du zalantzarik gabe aukera berriak zabalduko dituela umeekin jarduerak egiteko.
Hezkuntza zinegotzi Ikuska Lizarralde ere pozik agertu da. "Aurretik zegoen patioaren eraldaketa integrala egin dugu. Lurra estali da eta aterpe bat jarri da kanpo espazioari erabilgarritasun handiagoa emateko asmoz, euri egunetan ere erabili ahal izateko gunea sortuz. Horrez gain, jolasgune berria sortu da txirristarekin eta egurrezko enborrekin", esan du. Umeendako jolasgune "seguruago eta atseginagoa" sortzea izan da helburua. "Haur eskolako patioak berritzeko beharra zuela jasota genuen aspaldian, bertako hezitzaileengandik besteak beste. Inbertsio hau egitea erabaki genuen eta bertako umeen ongizatean eragin positiboa izango du".
