Euskal Herriko III. boleta-maratoia jokatuko da abuztuaren 29an, Elgeta eta Angiozarko hiru bolatokitan: Zabaleta auzoko bolatokian (12:00), Salbadorkoan (17:00) eta Elgetakoan (20:00). Honek, ezohiko bilakatzen du bola-joko hau, izan ere, hiru bolatoki ezberdinetan jokatu beharrak hiru bolatokiak prestatu beharra eskatzen du.
Hala ere, azken bi edizioetan ikusi ahal izan denez, formatu honek erronka bat suposatzen die jokalariei, ezaugarri ezberdinetako bolatokiak izanik, jokalariek bakoitzera egokitzen jakin behar dutelako.
Irabazleak, txapela eramateaz gain, 150 euroko saria izango du. Hurrengo lau postuek ere izango dute saria: Bigarrenak 75 euro, hirugarrenak 50 euro, laugarrenak bi pertsonarentzako bazkaria bolatokin eta bosgarrenak ortuko produktuez osatutako sorta.
Bazkaria ere izango da
Aurreko edizioetan egin bezala, aurten ere bazkaria egingo dute boleta-maratoian. 14:00etan izango da, Zabaleta auzoan, eta menua errusiar entsaladak, oilaskoak, postreak eta edariak osatzen dute.
Abuztuaren 25a baino lehen eman beharko da izena, Elgetako bolatokian. Abuztuaren 24an Zabaletan ere eman ahalko da izena, San Bartolome jaien ospakizuna aprobetxatuz. Prezioa 20 eurokoa da.