Txirrindulari profesional izandako Jose Inazio Askasibar Zarrao elgetarra da zapatuan Zornotza aldean egon zen istripuren ondorioz hil zen ziklista. Anboto aldizkariak jaso zuen moduan, Ertzaintzaren ikerketaren arabera, ibilgailu batek txirrindulari bat harrapatu zuen Euba eta Berna artean, Bilborako noranzkoan, 09:45ak aldera. Ziklista larri eraman zuten, helikopteroz, Gurutzetako ospitalera –Barakaldo–, eta han hil da egunean bertan.
Ertzaintzak lekukoen laguntza eskatu du, goiz horretan, N-634 errepidean, Zornotza aldean, izandako istripu hori argitzeko; gidariak ihes egin zuen txirrindulari zauritua han utzita.
Zornotzan bizi zen elgetarra
Askasibar, elgetarra sortzez, Zornotzan bizi zen. Euskal txirrindularia izan zen, profesional1 1969 eta 1971 urte artean. Wikipediak jasota ditu profesional sasoiko garaipenak, tartean: bigarren bi aldiz Kantabriako Itzulian –1965ean eta 1967an–, laugarren amateur mailako Espainiako errepide txapelketan –1967an– eta Bizkaiko sari nagusia –1968an–.


Lokatzaren 40. urteurrenean omendua
Hain zuzen, Lokatza Ziklismo Eskolako lagunek 2016an omendu zuten Askasibar, bailarako beste hiru txirrindulari ohirekin batera: Migel Bengoa (1947, Bergara), Santi Aiastui (Antzuola, 1949) eta Jesus Arantzabal (Bergara, 1939). Eta halaxe jaso zuen orduan GOIENAk omenaldia.
Palmares zabala
1969 eta 1971 urte artean txirrindularitza maila profesionalean lehiatu zen Askasibar. Besteak beste Kantabriako Itzulian bigarren postuan amaitu zuen pare bat aldiz (1965 eta 1967) eta Bizkaiko Sari Nagusia irabaztea ere lortu zuen elgetarrak, 1968an. Talde hauetan ibili zen elgetarra:
- GAC–Mobylette, 1965ean, amateur mailan.
- La Casera, 1969an.
- La Casera–Peña Bahamontes, 1970ean.
- FC Porto–Antracol, 1971n.
Eta, itzulietan lasterketa hauetan nabarmendu zen:
- 1965 — Kantabriako Itzuliko 2.a, Domingo Perurenaren atzetik.
- 1967 — Kantabriako Itzuliko 2.a, Ramon Pagesen atzetik.
- 1969 — Andaluziako Itzuliko 12.a sailkapen nagusian.
- 1969 — Kataluniako Volta-ko 35.a sailkapen nagusian.
- 1971 — Suitzako Itzuliko 39.a sailkapen nagusian.