Bost koroako bizikleten arora

Arantzabalek, Askasibarrek, Bengoak eta Aiastuik oroigarriak jaso zituzten egun Lokatzako erreferente diren Lizarralderen, Aristiren, Irizarren eta Etxabe anaien eskutik. imanol soriano

70eko hamarkadan txirrindularitza profesionalera iritsi ziren lau debagoiendar omendu zituzten zapatuan Bergaran, Lokatzako urteurren bazkarian. Kas, Fagor edo Ferrys taldeen garaia zen, bost koroatako bizikleten aroa. Garai hartako anekdotak batu ditu Goienak, ziklista ohi beteranoen eskutik.

Joan den zapatuan egindako Lokatzaren 40. urteurreneko bazkariak askorako eman zuen: "Pentsa, 14:30ean hasi ginen bazkaltzen, eta 19:30ean han ginen oraindik", dio Migel Bengoak. Ziklismoaz berba egiteko eguna izan zen, egungo eta garai bateko protagonistekin. Hala, bazkarian omenaldia jaso zuten Jesus Arantzabalen (Bergara, 1939), Migel Bengoaren (1947, Bergara), Santi Aiastuiren (Antzuola, 1949) eta Jose Inazio Askasibarren (Elgeta, 1943) eskutik duela 40 urte pasatxoko bizikleta gainera igo da GOIENA, pedal zaharreko larruzko lokarria ondo lotu, kaskoa beharrean bisera jantzi, eta memorian atzera egiteko. Bailara honetako txirrindularitzaren historia bizia dira.  

Denak profesionalak 

Joan bedi aurretik lau protagonistak ez direla sasoi hartako Debagoieneko ziklista bakarrak. Afizionatuetan hainbat ibili ziren, Marulandako Matxain, Esperazate, Agirregabiria edota Arroiabe, beste batzuen artean. Eta, Guenetxea eskoriatzarra profesional mailara ere iritsi zen –Pinturas Ega taldean–, nahiz eta gazte utzi zuen ziklismoa.

Gaurko lau protagonistek, berriz, 70eko hamarkada hasiera bizi izan zuten bizikleta gainean, bai behintzat profesional moduan.  Denak ez dira adin berekoak, Jesus Arantzabalen eta Santi Aiasturen artean 10 urteko aldea dago, baina Askasibarrek eta Migel Bengoak beste biekin korritu zuten. 

Jesus Arantzabal da guztietan beteranoena, eta baita palmares ikusgarriena duena ere. Vueltan bost alditan Tourrean izan zen hirutan –1967an bigarren sailkatu zen bigarren etapan– eta besteak beste Eddy Merckx (Molteni), Raymond Poulidor (Gan - Mercier - Hutchinson) edota Lucien Van Impe (Sonolor) moduko ziklistekin indarrak neurtu zituen 1971n. Euskal Herriko Itzulian etapa bat irabazi zuen, eta gutxigatik ez zuen Itzulia poltsikoratu: "Ihesaldian aurrera joaten utzi zidaten, eta konturatu zirenerako abantaila polita hartu nuen. Eibarko etapa irabazi nuen, baina 40 segundogatik ez nuen sailkapen orokorra irabazi". Halakoak ez dira ahazten.  

Ezkerretik hasita Migel Bengoa, Jesus Arantzabal, Jose Inazio Askasibar eta Santi Aiastui.   

Prestakuntzan dago aldea 

Ziklista beteranoak ohituta daude kazetarion partetik betiko galderei erantzutera, lau hamarkadatan zertan aldatu den ziklismoa: "Prestakuntzan, batez ere", dio Aiastuik: "Lehen ez genuen jakiten zergatik hilabete batzuetan indartsu egoten ginen, eta beste batzuetan ez. Orain odol tanta batekin medikuak informazio osoa du, eta hori abantaila handia da, badakitelako zelan eta noiz entrenatu". Eta Arantzabalek gehitu du: "Lehen lasterketako irabazlea azken hilabeteotan zertan ibili den galdezka ibiltzen ginen, sasoi betean egoteko hark egindakoa errepikatzeko. Gainera, elikadura bestelakoa zen, guk okela asko jaten genuen, eta gaur egun ia probatu ere ez dute egiten". 

Egun ziklistek daramaten prestakuntzaren gaineko egunez eguneko informazioa izaten dute, eta gaixotasun baten aurrean medikuak lehenago antzematen du arazoa non egon daitekeen. 1967an Bengoak gogorarazi du gauzak bestelakoak zirela: "Urte hartan gripea harrapatu eta bi urte ibili nintzen gaixotasunarekin bueltaka. Ez neukan garbi zer neukan, eta analisiak eginda medikuak zera idatzi zuen oharrean: "Tiene buen motor pero gasolina pobre".  

Elorriotik gora ihes eginda 

Askasibar elgetarrak ere badu anekdota polit bat, berak ere ondo gogoan du orduko herriko medikua: "Lehen baserrian jaiotzen ginen, eta nire jaiotzan presente izan zen medikua ziklismo zalea zen, gertutik jarraitzen zidan. 1965ean Munduko Txapelketa Donostian antolatu zuten –Lasarten– eta urte hartan amateur mailan nengoela medikuarekin elkartu nintzen kalean. Bizikleta gainean zer moduz nenbilen galdetu eta erantzun nion ez nenbilela gura bezain ondo. Hori entzunda hurrengo lasterketa noiz nuen galdetu zidan, ikustera joan gura zuelako. Hala, lasterketa egunean han zegoen, irteera puntuan, eta antza ez ninduen ondo ikusi. Urduri nengoela esan zidan, horrela ezin nuela nire onena eman, eta kontsultara joateko agindu zidan, ondo ez ibiltzearen arrazoia nerbioak zirelako". 

Eta, kontsultan medikuak lasaigarriak eman zizkion, hilabetean hartzeko: "Bada, zazpi kilo hartu nituen, uztailetik abuztura bitartean, eta urduritzen hasi nintzen, ezin nuelako horrenbeste pisu hartu. Baina indarra irabazi nuen, lo ere hobeto egiten nuelako.  Hala, abuztu erdia zen eta herriko jaietan, Elgetan, lasterketa geneukan. Irailean Munduko Txapelketa Donostian zenez kanpotar asko etorri ziren Elgetara lehiatzera, ziklista holandarrak, frantziarrak... Bada, lasterketan indartsu sentitu eta helmugara iristeko 60 kilometro falta zirenean ihes egin nuen, eta Elorrion 40 segundotako abantaila neukan".

Ordurako Matxain zuzendaria sinistu ezinda zebilen, eta urduritzen hasita: "Bere taldekideei agindu zien tubularrak bizkarretik kendu –arinago joateko– eta Elorriotik Elgetara bitartean ni harrapatzeko. Baina, Elgetako helmugara bi minutuko abantailarekin iritsi eta lasterketa irabazi nuen [Barre]. Gogoan dut selekzioko hautatzailea etorri zitzaidala galdezka ea ur botilatxoan zer neraman, eta nik erantzun kafea zela, besterik ez, eta gura bazuen eraman zezala botilatxoa". Bada, munduko txapelketan parte hartu ez, baina erreserba moduan aukeratu zuten Askasibar.   

Horiek gertuko mediku bat izatearen abantailak ziren, gaixotasunak garaiz antzematen zituztenak. Gero, medikuntza aurrerapenekin, ziklismoak urte batzuetan bizi izandako garai ilunak etorri ziren: "Presio larregi izatearen ondorioa da. Babesleak, diru eta interesak jokoan... Halakoetan ziklistak hartu behar ez diren erabakiak hartzen ditu", dio Aiastuik.  

Bost koroako bizikletarekin 

Lau ziklistak bat datoz esatean materialean ere iraultza egon dela: "Niretako alde handiena pedalean egon da, lehen lokarriekin lotzen genuen oina pedalera, eta erorikoa izanez gero arriskutsua zen. Orain, automatikoekin, erraz askatzen dira",  dio Aiastuik. Baina aldaketa gehiago izan da, Arantzabalek ondo dioen moduan: "Batetik, garapenen aldagailua koadroan izaten genuen guk, eta eskuak eskulekutik askatu behar izaten genituen. Orain askoz erosoagoa da dena. Gainera, bizikletek hamar edo hamaika koroetako pinoiak izaten dituzte, gu bostekin ibiltzen ginen. Eta malda handiko etapetan, gurpila aldatzera".            

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.