Surik gabeko San Juan bezpera izan dute elgetarrek

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 24a

Urteko gaurik luzeena surik gabe joan da aurten. Alerta gorria indarrean egotera surik ez egitea erabaki zuen Udalak. Gainerako ekintzak –Maala guraso elkarteak prestatutakoak– ohiko bidetik joan ziren. Gazte asanblada ere barra zabaltzeko aprobetxatu zuen eguna.

Iragarritakoa baina ordubete beranduago egin ziren atzo San Juan bezperako ekitaldiak Elgetan. Muturreko tenperaturei aurre egiteko hartu zuten neurria Udalak eta Maala guraso elkarteak. Horrekin batera, arratsaldeko bezperan jakinarazi zuen Udalak prebentzio neurri modura bertan behera uzten zuela San Juan sua pizteko ekitaldia.

Dantzak eta ogitartekoak

Maala guraso elkarteak antolatutako, DJ Kaktus-en emanaldia 19:00etan hasi zen. Bolatokiko zuhaitzpean jarri zuen gunea Kaktusek eta guraso eta ume taldetxo bat gerturatu zen. Amaitutakoan banatu zituzten ogitartekoak eta hurrengo urtean seigarren mailako ikasleak izango diren umeek gozoak saldu zituzten.

Adolfo Jainagaren trikitixa ikasleen txanda etorri zen gero. Kalejira labur bat egin ostean gaztetxe azpiko lautadan hainbat pieza dantzagarri jo zituzten zaleen gozamenareko.

Beroa izan zen egun osoan nagusi. Gau tropikala izan da Elgetan. 

Gaztetxea zabalik

Etapa berriko gazte asanbladak iragarrita zuen eta San Juan bezperako nobedadeetako bat izan zen gaztetxeko barraren irekiera. Garagardoa, kalimotxoa eta pintxoak eskaini zituzten gazteek. Gaztetxeko sarrerako aretoa garbitu eta txukundu dute gazteek eta hori da gaur gaurkoz erabilgarri dagoena.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak