Uraren Euskal Agentziarekin bizi duten egoera "bidegabea" dela uste dute baserritarrek Elgetan ere. Hain zuzen ere, 70 bat lagun elkartu ziren Udalaren eskariz EHNE sindikatuko Naroa Irurek eta Garikoitz Nazabalek antzokian egindako informazio batzar irekian. Horien artean ziren hainbat elgetar, baina baita ere inguruko herrietako baserritarrak –Arrasate, Bergara, Antzuola...– eta baita ere Tolosaldekoak –Albiztur–.
"Egoera bidegabea"
Irurek eta Nazabalek gaur gaurkoz egoera zein den azaldu zuten. Entzule guztiak kokatzeko esan zuten 2021ean hasi zirela iristen Uraren Euskal Agentziako lehenengo gutunak, baina 2025ean hasi zirela heltzen "mehatxuzko gutunak" kontagailua jartzeko exijituz eta kanona kobratuko zaiela esanez. "Obligazio horiek bete ezean isunak jasoko dituzuela ere esan zaizue", jakinarazi zuen Irurek.
Gaur egungo egoera aztertzen dihardute orain EHNE sindikatutik eta informazio-batzarra egiten ari dira herriz herri. "Irtenbide bat behar dugu bidegabea den egoera honekin amaitzeko, baina ez dugu makila magikorik", esan zuen Nazabalek. "Jende asko etortzen da egiten ditugun bileretara eta jendea oso minduta dago. Elkarlana bultzatzen ari gara kontagailuak ez jartzeko eta kanona ez ordaintzeko".
Gehiago esan zuen: "baserritarrek lan izugarria egin dugu bizitza osoan ura gure etxeetara iristeko: deposituak eta hodiak jarri ditugu eta mantentze-lanak egin ditugu. Hori guztia gure lan-kargari zein diruari esker izan da, eta orain ur horregatik kobratzea eta kontagailua jartzea erabat bidegabea iruditzen zaigu", gaineratu zuen. Baserritarrak bigarren mailako herritar sentitzen direla azaldu zuen.
Eragiteko hainbat bide
EHNE sindikatuko ordezkariek eragiteko hainbat bide daudela uste dute. "Lege hau diskriminatzailea da eta hori argudiatzeko lanketa egiten ari gara", esan zuten Irurek eta Nazabalek. Horrekin batera, txosten teknikoak egitea, salbuespen egoerak aztertzea eta abar aipatu zituzten.
Irurek eta Nazabalek azaldu zuten gai honetan eskumena dute erakundeekin, zein sentsibilitatea eduki dezaketen alderdi politikoekin, sindikatuekin... elkartzen ari direla, baina erantzun bat jasotzeko herritarrak batzea ezinbestekoa izango dela. "Behar dugu jendea herri mailako dinamiketan bustiko dena", esan zuen Nazabalek. Antzerako deia egin zuten Eskoriatzan egindako batzarrean.
Gipuzkoako mailako lantaldea
EHNEko ordezkariek dei egin zuten herriz herriko lantaldeak sortu eta Gipuzkoa mailako koordinazio talde batera batzeko. "Lehenbailehen sortu nahi dugu Gipuzkoa mailako koordinazio taldea. Helburua da talde horretan ordezkaritza izatea lurraldeko herri bakoitzak. Uste dugu eraginkorra izan daitekeela", esan zuten.
EHNEtik prest daude talde hori koordinatzeko, "baina ditugun baliabideak ditugu eta behar dugu jendearen kolaborazioa. Hau da, behar dugu herrietatik lan egin dezazuen denon mesedetan. Ez da lan erraza izango baina injustizia honi aurre egin behar zaio". Mahai gainean dituzten ekimenen artean daude sinadurak biltzea, mobilizazioak deitzea, txosten teknikoak egitea...
Sinadura bilketa
Elgetako informazio batzar amaieran sinadurak batzeari ekin zioten. Udala prest agertu zen bilketan laguntzeko. EHNEko ordezkariek, bestetik, harremanetarako hainbat kontaktu eskaini zituzten: 688 83 92 57, 943 65 42 81 eta naroa@ehnelur.net