30 urte bete dira eskolako eraikinak ateak zabaldu zituenetik

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko ekainaren 12a

Ikasle talde bat, eskola atarian, 1996ko ekainean.

Herri eskolako komunitateak aurreko barikuan egin zuen ikasturte amaierako jaia. Askotariko ekintzak izan zituzten ikasleek, gurasoek zein irakasleek. Eskolaren 30. urteurrena ospatzeko ere baliatu zuten jaia.

1995eko irailean ireki zituen ateak Maala kaleko eskolak. Ordura arte, Haur Hezkuntzako umeak gaztetxeko eraikinean egoten ziren eta Lehen Hezkuntzakoak, eskola zaharretan –bota zituzten– zein Domingo Iturbe eraikinean –frontoi zaharra gelditzen da–. 

Guztiak eraikin bakarrean egotea eta eraikin hori berria izatea aldaketa handia izan zen, baina ez guztiz gogobetegarria denendako; izan ere, guraso eta irakasle askorendako segurtasun baldintzak ez ziren betetzen. "Eraikin berria oso handia eta oso ederra zen, baina oso arriskutsu zegoen eta gauza asko falta ziren", du gogoan orduan guraso elkarteko kide zen Eguzkiñe Odriozolak. "Txikien jolastokiaren hesia oso txikia zen eta eraikin barruko barandak ere bai. Beheko solairuak obretan jarraitzen zuen eta eskolak ez zuen jolastoki estalirik".

Eraikin berriko lehen ikasleetako batzuk izan ziren Esti Askasibar, Mikel Ormaetxea eta Aner Fernandez. Urte pare bat egin zituzten eskola berrian, eta gogoan dituzte kanpoko jolasgunea, laborategia eta informatika-gela. "Jolastokia ederra zen; berdegune handi bat", dio Askasibarrek. Laborategia ere ondo gogoan dute. "Domingo Iturbeko eraikinetik pasa zuten eraikin berrira. Probetak, mikroskopioak eta horrelakoak zituen. Gogoan dut nola zabaldu genuen txerri baten bihotza eta behi baten begia", dio, irribarrez, Askasibarrek. "Informatika-gelan hiruzpalau ordenagailu besterik ez zegoen eta eskolak ez zuen jangelarik. Denok bazkaltzen genuen etxean", erantsi du Ormaetxeak.  

Esti Askasibar, Aner Fernandez eta Mikel Ormaetxea eskola garaiak gogoratzen.

Hainbat mugarri

Hiru hamarkadako ibilbidean hainbat mugarri garrantzitsu izan dira. Lehena jantoki zerbitzuaren irekiera izan zen. 2002ko irailean zabaldu zuten, 28 erabiltzaileri zerbitzua emateko. Herrigunetik aldenduta bizi ziren familien eskaera zen, eta, hain zuzen ere, egoera hartan zeuden bi guraso hasi ziren jangelan lanean: Ana Urzelai eta Tere Deskarga. Bertan jarraitzen dute oraindik ere. 

Jolastoki estaliaren eskaerak 2002ko irailean jaso zuen erantzuna. Udalak Domingo Iturbe Fundazioaren jabetzakoa zen eraikina erosi eta frontoi zaharra egokitu zuen. Eskolako jolastoki estalia da gaur egun ere.

Haur eskola zerbitzuaren irekiera izan zen beste mugarri garrantzitsuetako bat. 2004ko martxoan zabaldu zituen ateak, eskolako beheko solairuko geletako batean. Trukean, eskolak psikomotrizitate-gela berria izan zuen. Rebeka Ubera ibili zen buru-belarri langintza hartan. "Lehen solairuan jarri genuen, hasiera batean, eta gero, ganbaran". Haur eskola zerbitzua bost urtez egon zen eskolan; izan ere, 2009an urrian inauguratu zen Torrealdeako lokala. 

2005eko ekainaren 13a egun garrantzitsua izan zen. Eskola txikien elkargoko kide zen orduan Elgetako ikastetxea, eta urteroko jaia antolatzea egokitu zitzaion. "Ohikoa izaten zen eskola bakoitzak antzezlan bat prestatzea, eta, denek antzeztu orduko, hiru bat ordu luzatzen zen emanaldia. Erabaki genuen egitaraua aldatzea, eta jolasak antolatu genituen herri osoan prestatutako hamabost bat jolasgunetan. Proposamenak arrakasta handia izan zuen eta ondorengo urteetan eredu hori hartu zuten oinarri", azaldu dute guraso elkarteko kide izandako Eguzkiñe Odriozolak eta Santi Dosunak.

Domingo Iturbe eraikineko goiko solairuak 2012ko martxoan bota zituzten, eta ondotik egin ziren inguruaren urbanizazio lanak. Eskolako ortua egiteko lanak 2014ko apirilean hasi ziren, urmaelekoak 2022ko urrian eta 2023ko udan Haur Hezkuntzako jolastokia egokitu zuten.

Proiektu pedagogikoa

Proiektu pedagogikoan ere egon da bilakaerarik hiru hamarkadako ibilbidean. Hala diote ikastetxeko irakasle eta zentroko askotariko organotako kide diren Irene Santamariak, Arantza Esparzak, Nora Olabidek eta Tanit Duñabeitiak. Gaur egun, bederatzi taldetan banatutako 111 ikasle ditu Elgetako Herri Eskolak. Horrekin batera, hogei irakasle eta hezitzaile bat daude lanean. "Aurten, bederatzi talde ditugu, eta aurreikusten dugu hurrengo ikasturtean zortzi izango direla. Txikitzen ari gara", azaldu du eskolako zuzendari Irene Santamariak. "Baliteke eskola txikia izatera bueltatzea".

Horrela izan edo ez, herriaren eta eskolaren tamainak ikasleak mimoz hezteko aukera ematen du, eta pribilegiotzat dute hori hezitzaile taldean. "Proiektu asko ditugu martxan; lehen, eskola txikietako batzarretara joaten ginen, eta orain Goieskolako batzarretara joaten gara", azaldu du Esparzak.

Proiektu esanguratsuenen artean daude mugimendu autonomoa, irakaskuntza kooperatiboa, inklusibitatea, BAT taldea, Ikastetxeklik programa, UEMArekin batera lantzen duten Euskara eta Kulturartekotasuna programa, OBK, Elgeta Herri Hezitzailea egitasmoa… Guztia, konpetentzia ikuspegitik ulertuta eta ikaslea erdigunean jarriz.

Irailean ekingo diote 31. ikasturteari Elgetako Herri Eskolan. Aurretik, ondo merezitako oporrak hartuko dituzte.

Tanit Duñabeitia, Irene Santamaria, Arantza Esparza eta Nora Olabide irakasleak HHko jolastokian.

Erlazionatuak

Elgetako eskolak 30 urte. Hainbat argazki

Larraitz Zeberio Lekuona eka 12, 14:55 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak