"Lantalde sendoa osatu genuen, eta horrek arindu egin zuen lanorduen pisua", dio Dosunak. "Hasieran, haserretu egin ginen. Obrak ez zeuden guztiz amaituta eta eskola arriskutsu zegoen", dio Odriozolak. "Gainera, esan ziguten ganbara eta beheko solairua ez zirela eskolarendako, eta ikusten genuen ez zegoela jolastoki estalirik".
Eskola hornitzea izan zen gurasoen lehen helburua: "Hezkuntzatik etortzen zen dirua, baina Udalean zioten beste premia batzuk zeudela: antzokia, liburutegia informatizatzea… Bien bitartean, eskolan ez zegoen ez gortinarik, ez ordenagailurik, ez eta umeek irteerak egiteko dirurik ere. Hala, ekintzak antolatzen hasi ginen. Gabonetarako zozketa antolatzen genuen, jaietan bizikleta lasterketa, play-back saioa eta danborrada eta udaberrian arrantza lehiaketa Asentzion. Moda desfileren bat edo beste ere egin genuen, herriko merkatarien laguntzarekin".
Guraso batzarrak eta eskola txikietako bilerak
Guraso batzarrak berandu izaten zirela du gogoan Odriozolak. Ereñozura, Alkizara, Igeldora... joatea ere tokatzen zen, eskola txikietako bileretara. "Eskola txikien jaia ekaineko lehen asteburuan izaten zen. Autobusa antolatzen genuen, eta bete egiten zen. Elgetari ere tokatu zitzaion antolatzea. Primeran irten zen. Lan handia zen, baina oso ondo pasa genuen". Zailtasunak zailtasun, oroitzapen onak dituzte bai Odriozolak bai Dosunak. Ilobak ditu gaur egun eskolan Odriozolak. Zerbitzuak areagotzen eta hobetzen doazela ikusten du, betiere eskolak herri nortasuna galdu gabe.