Egin dituzte lehen landaketak sendabelarrendako ortu berrietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko maiatzaren 23a

Kamamila, erruda, ezkai-horia, pasmo-belarra, mendafina edo salbia moduko sendabelarrak landatu dituzte Elgeta Herri Hezitzailea egitasmotik bultzatutako ekimenean.

Udalak eta Udal Liburutegiak, Elgeta Herri Hezitzailea ekimenaren baitan, herritarrentzako sendabelarren ortu bat eraiki dute urmaelaren ondoan eta atzo, barikua, dozena bat lagun elkartu ziren lehen landaketak egiteko.

Hainbat sendabelar landuko dituzte ortuan; besteak beste, mendaroa, erromeroa, izpilikua, ezkaia, kamamila eta oreganoa. Horietako batzuk erosi egin dituzte, baina beste batzuk "ez dira saltzen, eta inguruan topatu behar izan dituzte".

Herri Hezitzaileko kideak Kimubat enpresarekin aritu dira elkarlanean: "Eurek jarri dituzte ortuak". Duela egun gutxi jarri zituzten ortuak, eta landare batzuk sartu zituzten. Gainerakoak atzo, barikua, sartu zituzten,

Bi urteko lanketa

Duela bi urte, Garbiñe Larreak sendabelarren inguruko tailer bat eman zuen Udal Liburutegian, eta arrakasta handia izan zuen. Iaz, berriz, Sorgin Belarreko Oihane Lekunberrirekin tailerrak egin zituzten: lehenengo, umeentzako irteera bat antolatu zuten, herri inguruko sendabelarrak identifikatzeko, eta sendabelar bakoitzari izena jarri zioten, identifikatuta izateko; gero, sendabelarren ezaugarriak eta haien erabilerak ezagutzeko saioa egin zuten.

Saio horiei guztiei jarraipena emateko, Herri Hezitzailearen bilera batean sendabelarren ortua egitearen ideia sortu zen. Kokalekua ere hasieratik argi izan zutela adierazi du Miren Ibarbiak, Ingurumen zinegotziak: "Pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela urmaelaren ondoan egitea, espazio aldetik nahiko leku zegoelako eta, gainera, bertan dagoelako zume bizia, eta, modu horretan, guztia bertan geratzen zelako".

Hasiera baino ez

Landatzea proiektu horren hasiera bat baino ez da; etorkizunerako hainbat proiektu dituzte aurreikusita ortuaren bueltan: landaketaren ondorengo urratsa panel bat egitea izango da, sendabelar bakoitzaren erabilera eta ezaugarriak adieraziko dituena.

Ibarbiak aditzera eman duenez, Herri Hezitzailearen hurrengo bileran adostuko dituzte panelean jarri beharrekoak; gainera, botika naturalari eta kosmetika naturalari buruzko saioak antolatuko dituzte.

Transmisioaren garrantzia

Inguruan sendabelar ugari dagoela eta horiek lotutako tradizioa berreskuratzea zein belaunaldien arteko jakintza-transmisioa sustatzea funtsezkotzat jo dute Herri Hezitzaileko kideek. Haien esanetan, proiektua hasieratik erakargarria zen: "Etxe inguruan ditugun landare askok eguneroko bizitzan erabilera ugari dituzte, bai osasunaren arloan bai beste hainbat helburutarako".

Bestalde, azaldu dute zenbait etxetan sendabelarrei buruzko ezagutza belaunaldiz belaunaldi transmititu bada ere, beste askotan galdu egin dela, eta horrek halako ekimenak are beharrezkoago egiten dituela. 

(Argazkiak: Elgeta Herri Hezitzailea)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak