Udal Gobernuak "zuzenketa publikoa" exijitu dio Elgetako EAJri gezurretan ari dela egotzita

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko maiatzaren 6a

EH Bilduren Udal Gobernuak gogor salatu ditu eskolako jantokiko proiektuaren bueltan jeltzaleek orain bi aste egindako adierazpenak. "Ez dira zintzoak eta sortutako nahasmenak herritarrek instituzioekiko duten konfiantza urratzea besterik ez du lortzen", azaldu dute ohar bidez.

"Ez dugu hika-mika antzuetan sartu nahi; zabaldutako gezurren aurrean herritarrei informazio zuzena helaraztea da gure helburua".

Gaineratzen dute Udalak "gogotik eta zorroztasun osoz" lan egin duela "Jangelaren Eraldaketa Batzordearen eta inplikatutako eragileen eskutik", eta “Hezkuntza Sailak helarazitako pausoak jarraitu ditu uneoro Elgetako Udalak, eta ez du ezer erabaki aldebakarrez”. Ohartarazi dute, gainera, orain aurreproiektua "bideraezina" dela dioen EAJk hasieratik babestu zuela publikoki.

Hezkuntza Sailaren "irizpide aldaketa"

Udal Gobernuaren esanetan Hezkuntza Sailaren irizpide aldaketak eragin du proiektua ezerezean gelditzea; hau da, zonaldeko jangela zerbitzuak eskaintzeko apustua egin zuenean. "Ez proiektua ez zelako bideragarria, Hezkuntza Sailak irizpideak aldatu zituelako baizik". Irizpide aldaketa eman aurretik, Elgetako Udalak "beharrezko urratsak" eman zituela ekarri du gogora Udal Gobernuak: "aurreproiektuak idatzi eta 2025eko aurrekontuan 300.000 euroko partida sortu zuen".

"Ez da itxaropen faltsurik sortu"

Udal Gobernutik ez dute onartzen herritarrei helarazitako informazioa "alarmismo" gisa aurkeztea. "Argi esan nahi dugu: ez da itxaropen faltsurik sortu. Egindakoa zorroztasunez lan egitea izan da, aukerak aztertzea eta Elgetako eskola publikoarentzat etorkizuneko proposamen bat defendatzea. Proiektua gauzatzea lortu ez bada, ez da udal lan faltagatik ez eta konpromiso politiko faltagatik izan, administrazio eskudunak egindako irizpide aldaketa baten ondorioz baizik. Alarma Hezkuntza Sailaren geldialdiak sortzen du, ez Udalaren azalpenek". 

"Denak ez du balio"

Udal Gobernuak argitu du jantokiaren proiektua ez dela egin Espaloian obrak egiteko helburuarekin, Elgetako EAJren izenean Iker Laka bozeramaileak egindako adierazpenei erreferentzia eginez. "Erabat faltsua izatez gain, akusazio oso larria da eta erabat onartezina. Udalak ez du inolaz proiektu hau beste heluru baterako bideratu nahi. Ezin da, frogarik gabe, proiektu edota dirulaguntza bat beste destino batera desbideratzeko asmoa dagoela iradoki. Puntu honen zuzenketa publikoa exijitzen diogu Elgetako EAJri".

Udal Gobernuak gaineratu du aurrerantzean ere "aukera guztiak aztertzen" jarraituko duela "bertakoa, kalitatezkoa eta ikasleen beharretara egokitua den jantoki-zerbitzua lortzeko bidean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak