Elgetako EAJk gogor kritikatu ditu eskolako jantoki proiektuarekin lotuta EH Bilduren Udal Gobernuak aurreko astean egindako adierazpenak. "Zorroztasun falta" salatu dute, eta "lasaitasun mezua" helarazten diete familiei, defendatuz badaudela ikasleei zerbitzu hobea bermatzeko "aukera bideragarriak". Elgetako jeltzaleek bozeramaile Iker Lakaren esanetan: "Lana eginda dago, aukerak daude mahai gainean eta, batez ere, Elgetarako irtenbide bideragarriak bilatzen jarraitzeko borondatea dago".
Aukerak mahai gainean
Jeltzaleek azaldu dute aspalditik datorren gaia dela, eta hainbat bilera egin direla, bai Udalarekin bai ikastetxeko zuzendaritzarekin. "Topaketa horietan planteatutako egoera ulertzen zutela adierazi zuten", ziurtatu du Lakak.
Gaineratu du irtenbide "errealistak" behar direla, eta zonako jantoki-eredua izan daitekeela horietako bat. "Konplexua izan arren, ez dago itxita eta Hezkuntza Sailak hori aztertzen jarraitzen du". Lakak uste du Udal Gobernua "errealitatearen irudi desitxuratua" ematen ari dela. "Irtenbide bideragarriak bilatzen jarraitzeko borondatea dago eta aukerak daude mahai gainean".
Aurre-proiektu "bideraezina"
Hain zuzen ere, jeltzaleek azaldu dute Udal Gobernuak aurkeztutako aurre-proiektua "bideraezina" zela. "Araudiak galarazi egiten du eskola-jantoki bat ikastetxetik kanpo eta udal eraikin batean kokatzea". Azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak irizpide argiak ezartzen dituela sukalde propioak ezartzeko, eta normalean 200 mahaikide baino gehiago dituzten zentroetan kokatzen direla.
Planteatutako inbertsioarekin ere kritiko dira jeltzaleak "gaizki planteatutako 300.000 euroko partida ekonomikoa" iragarri zela esanez. "Argi geratu da planteatutako inbertsioa neurriz kanpokoa zela erabiltzaile potentzialen kopuruari dagokionean". Hain zuzen ere, jeltzaleek uste dute Udal Gobernuak aurkeztutako proiektuak eskolako sukaldeaz gain antzokian kanpoko lanak egitea ere aurreikusten zuela. "Udalak Espaloian obrak egin nahi baditu, egin ditzala, baina ez dezala eskola erabili bideragarriak ez diren proiektuak justifikatzeko", esan du Lakak. "Egiaztatu ahal izan dugu hasiera batean egin ziren planteamendu batzuk ezin direla sostengatu. Haiekin tematzea, itxaropen faltsuak eta frustrazioa sortzea da".
EH Bilduk prozesu osoan izandako jokabidea ere kritikatu dute jeltzaleek argudiatuz hezkuntza-komunitatearen "zati batekin" lan egin dela. "Udalak kanpoan utzi zuen Hezkuntza Saila hasierako fasean, eta ondoren bakarrik saiatu da inplikatzen. Horrek ez du zentzurik, erakunde eskuduna delako. Ekimena hasieratik babestu genuen, baina EH Bilduk ez du proiektua zuzentzen eta argitzen ari ziren fronteetara egokitzen joan nahi izan", esan du Lakak.
Lasaitasun mezua familiei
Elgetako jeltzaleek "lasaitasun mezua" helarazi diete familiei. Sukalde propioarekin ez bada ere, zerbitzua bermatuta dagoela esan dute eta mantendu egingo dela. "Ziurrenik, beste eredu baten bidez; hala nola, zonako jantokiaren bidez, non janaria gertuko sukalde batean egin eta baldintza ezin hobeetan lekualdatzen den. Garrantzitsuena sukaldaritza eredua aldatzea da", azaldu du Lakak. "Eredu horrek eskakizun sanitario eta logistiko garrantzitsuak bete behar ditu; hala nola, garraio denbora mugatzea edo instalazioak egokitzea eta horrek zaildu egiten du Debagoienean berehala ezartzea, baina ez du inola ere baztertzen".
Elgetako jeltzaleek "kalitatezko hezkuntza publikoarekin" eta Elgetako familien beharrei erantzungo dieten irtenbide "errealistak" bilatzearekin konpromisoa berretsi du, "zorroztasunetik" eta "erakundeen lankidetzatik".