Elgetako Udal Gobernuak adierazpen publikoa egin du: "Gure harridura eta desadostasun osoa adierazi gura dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako azken erabakiaren harira. Sailak behin betiko baztertu du herriko eskolan sukaldea in situ izatea; alegia, janaria bertan prestatzeko gunea jartzeko proiektua. Prozesua erabat blokeatu du. Hori horrela, orain arte eginiko prozesua eten egin du; argudiatu dute Hezkuntza Sailak gaur egun duen eskola jangelen plangintza berriko baldintzak ez dituela betetzen gure eskolak".
Hiru urteko bidea
Udal Gobernuak "gogorarazi" dio Hezkuntza Sailari hiru urte daramatzala Jangela Eraldaketa Batzordearen barruan lanean, "Jaurlaritzarekin berarekin lanean, proiektua gauzatzeko bideorria zehazten". Are gehiago, lankidetzarako borondatea kontuan hartu ez izana salatu dute. "Sukaldea eraikitzeko bideragarritasun teknikoa egon badagoen arren, kudeaketa-erraztasuna lehenetsi dute ikasleen bizi-kalitatearen eta jasangarritasunaren aurretik, eta ez dute maila horretako inbertsiorik egingo Elgetako Herri Eskolak duen tamaina eta jankide kopurua dela eta, besteak beste. Hezkuntza Sailaren babesik gabe ezin dugu proiektuarekin aurrera egin, jangela zerbitzuaren ardura eta eskumena haiena baita".
300.000 euro
Proiektuarekin duen konpromiso irmoa erakusteko, Udalak 300.000 euroko diru-partida zehatza sortu eta gorde zuen 2025eko aurrekontuetan, sukaldearen eta jangela berriaren obrak eta egokitzapena finantzatzeko. "Inbertsio handi horri aurre egiteko, Udalak dirulaguntza bat eskatzeko aukera izango zuela adierazi zuen Hezkuntza Sailak. Amaieran zehaztu dute dirulaguntza horrek ez dituela mota horretako obrak jasotzen", azpimarratu du Udal Gobernuak egindako adierazpen publikoan.
"Etengabeko" harremana
Elgetako Udalak berretsi du Hezkuntza Sailarekin etengabeko harremana izan duela. "Gure mugimendu bakoitzaren berri izan du: Hezkuntza Saileko arduradunen bisita izan genuen, eta orduan esan ziguten sukalde ereduen inguruko hausnarketa prozesu bat abiarazia zutela eta gure proiektuaren inguruko erabakia aurrerago helaraziko zutela. Orain heldu da ezezkoa".