Elgetako Korrika batzordeak martitzenean egin zuen bigarren bilera, eta prestaketa lanekin hasita dago. Korrika Txikia eskolatik abiatuko da, 15:00etan, eta Herri Korrikak hartuko dio lekukoa. Azken hori plazatik abiatuko da, 17:30ean, eta herriko eragileen parte hartzearekin egitea aurreikusten dute.
2022an egin zen azken aldiz Herri Korrika Elgetan, eta orduan 26 eragilek hartu zuten lekukoa. Datozen asteetan jasoko dute aurtengoan parte hartzeko gonbidapen-mezua eragile guztiek. Ibilbidea zehaztu eta lekuko aldaketak noiz eta non egin garaiz antolatu behar da. Inork Korrika batzordearekin harremanetan jarri nahi badu, honako hau da helbide elektronikoa: korrikaelgeta@gmail.com.
Korrika Lagun kanpaina
Korrika Lagun kanpaina ere egingo du batzordeak. Aurrerago izango da hori. Elgetako Korrika batzordeak otsailaren 24an egingo du hurrengo batzarra. Parte hartzeko dei egin dute. Batzarra 18:00etan hasiko da, udaletxean.