Kokoen konpartsak Elgetako inguruak girotu ditu

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 8a

Behiak, mamarruak, burburixuak, masustak, azeriak, sasi-kartia, ezkongaiak eta bestelakoak aritu ziren atzo, Kokoen konpartsaren baitan, Elgetako herrigunean eta hainbat baserritan; 50 kide inguru, hain zuzen.

Egun osoa festa-giroan pasa ondoren, konpartsako kideek aitortu dute "oso gustura" aritu zirela. "Jan, edan, dantza...Denetik egin genuen eta baserritarrek oso harrera ona egin ziguten. Gure zain zeuden", azaldu du Iratxe Bravok, aurtengo berritasunetako bat izan den behiz mozorrotuta. 

Izan ere, urtez urte saiatzen dira mozorro berriak prestatzen, "jendeak ikus dezan gauza asko egin daitezkeela eta beti dagoela aukera ideia berrietarako", Bravoren esanetan.

Koko-batzeak hainbat belaunalditako herritarrak elkartzeko balio duela ere nabarmendu du. "Gazteen eta nagusien arteko harremana estutu egiten da eta hori polita da". Hori dela eta, datozen urteetara begira, gazteei dei egin diete konpartsan parte hartu dezaten. 

Zuri-gorriz jantzita joan ziren, ohi moduan, hainbat gazte, eta horietako hainbatek lehen aldiz hartu zuten parte, 2009ko kintoentzat estreinaldia izan baitzen. Gazte talde horretakoak izan ziren, hain zuzen, baserri guztietan banakoa dantzatu zutenak.

Baserritarrak ere "oso pozik" azaldu dira Goiena telebistako kameren aurrean. "Bisita berezia jaso genuen. Gainera, lehen aldia izan zen guretzat. Ez genuen ezagutzen. Bagenekien Elgetan tradizio zahar hori berreskuratzen hasiak zirela eta, egia esan, zoragarria izan zen", azpimarratu du Larrabilburu baserriko Inma Rafaelek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak