Mamarruak, burburixuak, masustak, azeriak, sasi-kartia, ezkongaiak... Askotariko pertsonaiak irtengo dira bihar hartzarekin batera lozorrotik. Izan ere, Inauteriak dira, mozorroen sasoia. Nork bere burua estali eta desitxuratuta kalera irteteko unea da.
Kokoen konpartsako arduradunek hilabete pasa dihardute dena gertatzen. Azaldu dute 50 lagunetik gora daudela bosgarren urtez egingo den koko-batzean parte hartzeko izena emanda.
Eguaztenean elkartu ziren, buztin gelan, jantziei azken ukituak egiteko eta nork berea neurrira jartzeko. Urtero moduan, pertsonaia berriak ere izango dira aurten konpartsan. Zuri-gorri joango diren gazteak, berriz, hogei bat izango dira. Horietako hainbatek lehen aldiz izango dute lekua konpartsan: 2009ko kintoak estreinatuko dira aurten.
Aixola eta Larrabilzearra
Kokoek Aixola eta Larrabilzearra inguruetara eramango dituzte aurten Inauteriak. Goizean, urtegirako bidean zein inguruetan dauden bost baserritan joko dute atea. Baserritarrak jakinaren gainean daude, eta gogotsu hartuko dute konpartsa. Trukean, kantuan eta dantzan egingo dute kokoek etxe atarietan. Bazkaldu ostean egingo du konpartsak Larrabilzearrara. Larrabilburun eta Josemartinguan egingo diete harrera.
Azken ekitaldia, plazan
Urtero moduan, Mendizaleen plazan egingo dute azken dantza saioa kokoek. 16 urtetik gorakoendako festa da koko-batzea, baina herritar guztiak daude gonbidatuta iluntzeko amaierako ekitaldira.
Hartz txikia 18:15ean esnatuko da, eta hartz handiaren bila joango da, Kantoikoa baserri ingurura. Herritarrendako deia ere horixe da. Haitzulotik aterako da ordu horretan eta herritarrek hartz txikiari egingo diote ongi etorria plaza barrenean. Hartz txikia lagunduko dute handia topatzera. Txarangaren laguntza izango dute.
Hartz handia topatu eta elkartu ostean, berriz ere plazara. Konpartsak –gainerako herritarrekin batera– Ustekabe txarangaren konpainian egingo du plazarainoko bidea. Eguneko azken koplak eta dantzak egingo dituzte hartza kobazulora bueltatu aurretik. Bi hartzak kobazulora sartuko diren arren jaiak jarraituko du kalez kale Ustekabe txarangarekin.
Entsegua gaur 19:30ean
Oraindik ere mozorroak findu beharrean dauden kokoendako azkenengo saioa egingo dute, gaur, kiroldegiko gimnasioan. Koplak gogora ekartzeko eta dantzak errepasatzeko saioa ere izango da, 19:30ean.