Elorregi eta Bergara artean izango dute Korrikako kilometroa elgetarrek

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko urtarrilaren 22a

Korrika batzordearen sorrera batzarra, martitzenean. (Iturria: Korrika batzordea)

Elgetako Korrika batzordea martxan da; martitzenean egin zuten sorrera bilera. Otsailaren 6an Korrikako materiala jarriko dute salgai herrian eta 10ean egingo dute bigarren batzarra.

Martxoaren 19tik 29ra ibiliko da herriz herri 24. Korrika; Atharratzetik abiatuko da eta Bilbo izango du helmuga. Ez da orain bi urte moduan Elgetatik pasako, baina elgetarrek Elorregi eta Bergara arteko tartean izango dute kilometroa. Horrela erabaki zuten Elgetako Korrika batzordea eratzeko martitzenean egindako batzar irekian. Udalak diruz lagundutako kilometroa izango da eta Bilbora iritsi aurreko egunean –martxoaren 28an– izango da Korrika Debagoienean. Elgetarren kilometroari dagokionez, ez dago zehaztuta zein izango den, baina 06:15 eta 06:52 artean izango da.

Bien bitartean, herri mailako ekintzak dinamizatzea da asmoa. Uxue Igarza eibartarrak gidatuko ditu batzordeko bilerak.

Batzarra otsailaren 10ean

Lantaldeak otsailaren 10ean egingo du hurrengo batzarra, eta herriko eragileak eta norbanakoak parte hartzera deitu dituzte. Batzarra 18:00etan izango da, udaletxean. "Oraintxe hasi gara lanean", azaldu du Uxue Igarzak. "Lehen bileran hainbat ideia irten ziren –Korrika Eguna egitea, esaterako–, baina lanketa hasi berri dugu eta dena dago zehazteko". Gehitu du otsailaren 6an Korrikako materiala erosteko postua egongo dela Elgetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak