Juan Cruz Juaristi: "Maitatua eta zaindua sentitu naiz 23 urteotan Elgetan; eskerrik asko denei"

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko urtarrilaren 9a

Juan Cruz Juaristi, eguaztenean, Elgetako abade etxean.

Apaiz ibilbide luzea egin du Juan Cruz Juaristik (Zarautz, 1932). Abenduan bete zituen 93 urte, eta 23 egin ditu Elgetan parroko. Avilako herri txiki batean biziko da aurrerantzean. Imanol Prieto izango da haren ondorengoa. Juaristik Errege eguneko mezan agurtu zituen elgetarrak.

Ez duzu erretiroa hartzeko presarik izan: jarraitzeko asmoa zenuen, gainera.

Bai; urte asko izan dira eta ondo beteak izan direla esan behar dut. Ondo ikusten nuen nire burua, eta jarraitu egin nahi nuen, baina egia da azken urte honetan arazo txiki batzuk izan ditudala aldakarekin. Garrantzi handikorik ez: gidatzeko baimena ere urtebeterako berritu didate, baina horrela etorri da erabakia. Egia esan, oso gustura egon naiz nire destino guztietan. Maitatua eta zaindua sentitu naiz denetan, Elgetan ere bai, eta asko eskertzen dut.

23 urte egin dituzu Elgetako parroko. Urteotan asko aldatu da herria?

Noski. Gauza batzuetan aurrera egin du eta beste batzuetan atzera. Fedeari begiratuta, esaterako, gero eta jende gutxiago dago gure eliza-ospakizunetan, baina herri honetan jende ona dago eta herri moduan ondo funtzionatu du. Hileta-ospakizunak nabarmenduko nituzke: eliza bete egiten da Elgetan.

Imanol Prieto izango da zure ondorengoa.

Bai. Bergarako parrokoa da eta Antzuola zein Angiozar ere haren ardurapean daude. Aurrerantzean, Elgeta ere bai. Badu Elgetako berri, eta ziur nago ondo konponduko dela. Gainera, laguntzailea ere badu: Enrike Ormaetxea diakonoa. Izendapenak, hori bai, zenbait aldaketa ekarriko ditu; izan ere, parrokia guztietara iritsi behar du. Aurrerantzean, domeketako meza nagusia 10:00etan izango da Elgetan, eta ez 12:00etan. Bestetik, hiletak 17:30ean izango dira eta zapatuetan ez da mezarik esango.

Urteotan guztietan Orion, Ruandan eta Elgetan izan zara apaiz, eta oso gazte sartu zinen seminarioan.

Familia oso kristaua nuen, eta 11 urterekin sartu nintzen Saturrarango seminario txikian. Apaiz ikasketak egitea erabaki nuen gero, eta 15 bat urterekin Gasteizko seminarioan sartu nintzen. Donostian amaitu nituen ikasketak eta Lourdesen egindako ospakizun batean ordenatu ninduten apaiz, 25 urterekin. Orio izan zen nire lehen destinoa. Sei urte egin nituen han. Apaiz gaztea nintzen, sasoikoa, eta urte oso onak izan ziren. Beste garai batzuk ziren: Orion lau apaiz ginen orduan.

Oriotik Ruandara egin zenuen.

Nirekin ikasitako bi lagun han zeuden apaiz, eta misiolariak behar zituzten. Joatea erabaki nuen, eta 37 urte egin nituen han. Lan asko egin genuen eta bertako hizkuntzan –kinyarwanda– bizi izan nintzen. Gerrak eztanda egin eta gero ere han jarraitu genuen, baina heldu zen une bat zeinetan ez zen segurua bertan jarraitzea. Isidro Uzkudun laguna hil egin zuten, eta bueltatzea erabaki genuen. Orduan, Elgetara etortzeko eskatu zidan gotzainak. Hasieran beldur apur bat eman zidan, euskara ia ahaztuta neukalako, baina jarri nintzen eta oso gustura egon naiz hemen ere.

Ze asmo duzu orain?

Nik orain atseden hartuko dut eta Avilako herri txiki batera joango naiz, nirekin batera Ruandan misiolari izandako lagun batengana. Han ibiliko naiz nire paseo, otoitz eta irakurketekin. Idaztea ere asko gustatzen zait, eta horretan jarraituko dut. Ez naiz aspertuko. Gainera, badut sarri etortzeko asmoa. Zarautzen dut familia, eta bisitan etorriko naiz. Bestetik, ondo banago, festa handietan laguntzera etortzeko asmoa dut; Aste Santuan eta abar.

Uste dut baduzula asmoa Ruandara ere joateko.

Bai. Uda garaian joan nahi dut Ruandara. Guk sortutako parrokiako auzoetako bat asko handitu da, eta parrokia bihurtu dute. Eliza prestatzen ari dira eta udan irekiko dute. Urte asko eman nituen auzo hartan lanean, eta bertako gotzainak deitu dit joateko gonbidapena eginez. Ospakizun oso berezia izango da eta bertako lagunak agurtzera joan nahi dut. Badut gogoa. Ez naiz bakarrik joango.

Gogoan izango duzu Elgeta?

Beti izango dut gogoan. Nire otoitzetan jarraituko dut Elgetarendako zoriontasuna eskatzen, bai orokorrean eta bai herriko kristau taldearentzako.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak