Soldata igoerak eta zorra kitatzeko 100.000 euroko kreditu-aldaketa onartu ditu udalbatzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 23a

Elgetako udalbatza atzo egindako ezohiko osoko bilkuran. (Argazkia: Aner Fernandez Telleria)

Bestalde, Ibon Unzetabarrenetxea alkateak jakinarazi du Udalak atzo aurkeztu zituela Basalgoko proiektuaren kontrako alegazioak.

Atzo, abenduak 22, ezohiko batzarra egin zuen Elgetako udalbatzak. Osoko bilkurako puntu garrantzitsuenetako bat udal zorra kitatzeko 100.000 euroko kreditu-aldaketa izan zen. "Gerakinetik 100.000 euro hartuko ditugu eta banketxeekin dugun zorra  kitatzera bideratuko dugu", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Horrek ez du ez Gastu Arauan ez Plan Ekonomiko Finantzarioan eragiten. Konpromisoa hartu genuen 2025ean eta 2026an ez genuela gerakina erabiliko aurrekontuan txertatzeko, baina baliabide hau badago eta erabili egingo dugu daukagun zorra estaltzeko; izan ere, zorra ordaintzen dugunean zor totalaren araberako interesak aplikazio zaizkigu eta erabaki honekin interes horiek ere murriztu egingo ditugu". 

100.000 euroak erabilita, Elgetako Udalari 263.000 euroko zorra geldituko zaio ordaintzeko eta 2028ra arteko epea du kitatzeko.

EAJko ordezkariek kreditu-aldaketaren aldeko botoa eman zuten. "Hitz egindakoa zen diru hori zorra kitatzeko erabiltzea", esan zuen Mikel Larreak.

Soldata igoerak

Batzarreko gai zerrendako beste puntu garrantzitsua izan zen udal langileen zein udal kargu publikoaren ordainsarien igoera onartzea. "EUDELetik etorritako proposamena aintzat hartuta, %2,5eko igoera aplikatuko zaie udal langileen 2025eko ordainsariei, eta %1,5eko igoera 2026koei", azaldu zuen alkateak.

Liberatu bakarra dago une honetan Udalean –alkatea– eta udal kargu publikoari ere ordainsari igoera berdina aplikatzea proposatu zuen EH Bilduk. "EUDELek egindako proposamena da eta ados gaude udal langileendako proposatzen den soldata igoerarekin, baina uste dugu udal langileei bideratutako proposamena dela. Gustatuko litzaiguke alkatearen soldata igoera beste era batera planteatzea eta ez lotzea udal langileen soldata igoerari", jakinarazi zuen EAJko Mikel Larreak. Hala ere, erabakia aho batez hartu zuten.

Alegazioak Basalgoko proiektuari

Batzararren amaieran Ibon Unzetabarrenetxea alkateak jakinarazi zuen Elgetako Udalak atzo aurkeztu zituela Basalgoko parke eolikoaren proiektuaren kontrako alegazioak. "Aurreko astean informazio batzarra egin genuen herritarrekin eta txertatu ditugu bertan proposatutako zenbait alegazio. Hainbat herritarrek ere aurkeztu dituzte alegazioak Udalaren bitartez".

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak