Ibon Unzetabarrenetxea: "Argi dago enpresa hau ez dela etorri guri onurak ekartzera"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 19a

Ibon Unzetabarrenetxea azalpenak ematen atzo egindako informazio batzarrean.

Arena Power enpresak Bergara, Eibar eta Soraluzeko lurretan egin asmo duen Basalgo parke eolikoaren gaineko informazio batzarra egin zuen atzo Elgetako Udalak. Hogei bat herritar bertaratu ziren, tartean Azurtza auzoko bizilagunak. Udalak proiektuari aurkeztuko dizkion alegazioen berri eman zien.

Parkeak sei aerosorgailu aurreikusten ditu: hiru Bergarako lurretan, bi Eibarren eta bat Soraluzen. Horietako bat, ordea, Elgetako Azurtza auzuneko etxeetatik 500 metro eskasera ipintzea aurreikusten da eta parkerako sarbide nagusia Elgetatik izango da; Kanpanzar eta Azurtza auzotik, hain zuzen ere.  

Proiektua eskala handiko instalazio moduan identifikatuta dago eta tamaina oso handiko piezak igaro beharko dute Elgetatik baldin eta proiektuak aurrera egiten badu. Hala, sei metroko errepideak zabaldu beharko dira materiala pasatu ahal izateko. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak esan zuen aerosorgailu bakoitzaren oinarriak Elgetako Mendizaleen plazako neurriak izango dituela, gutxi gorabehera. Gehitu zuen Udalak "sakon" aztertu duela proiektuaren inguruan publiko egindako dokumentazioa eta alegazioak aurkeztuko dituela inplikatutako gainerako udalekin batera. Astelehenean, hilak 22, amaitzen da alegazioak aurkezteko epea.

Askotariko alegazioak

"Proiektuak gabezia mordoa ditu", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxeak. Gai hauetan aditua den Kimar enpresa kontratatu dute udalek ingurumen-alegazioak zein alegazio urbanistikoak prestatzeko. Alegatuko dute, besteak beste, Arena Power enpresak ez duela legeak eskatzen dion moduan proiektu nagusiari alternatiba errealik planteatzen, proiektuak sakontasun falta duela eta parkeak askotariko inpaktuak eragingo dituela: besteak beste hidrologikoak, akustikoak, naturalistikoak, paisajistikoak, eta ingurumenarekin, higadurarekin, lur-mugimenduekin zein faunarekin eta florarekin lotutakoak.  

Proiektuak Elgetan izango duen eraginari dagokionez, Unzetabarrenetxeak azpimarratu zuen sei metroko zabalerako errepideak zabaldu beharko direla materiala pasatzeko eta proiektuak "Udalak aspaldi baztertu zuen" saihesbidearen bigarren fasea egitea aurreikusten duela. Lanek, gainera, 330.000 metro kubikoko lur-mugimenduak aurreikusten ditu eta kaltetuko ditu ondare historikoa den Asentzioko lubakien gune –La Belga posizioaren azpian dagoen babesgunearen zatia bereziki– zein ortu publikoen eremua.

Udalaren balorazioa

"Argi dago enpresa hau ez dela etorri guri onurak ekartzera. Ez du herritarren iritzia kontuan izan, ez du aurkeztu inolako alternatibarik energiak gure fakturetan eragina izan dezan… Etorri da bere proiektua defendatzera eta hori ez da bidea. Energia berriztagarriak beharrezkoak dira dugun krisi energetikoari aurre egiteko, baina alternatibak ezin du izan forma honetan", esan zuen.

Herritarrek ere badute alegazioak aurkezteko epea. Alegazio-eredu batzuk prest daude eta aurkezteko interesa duenak udaletxean galdetu dezake.

Unzetabarrenetxeak gaineratu zuen "argi eta garbi" utzi nahi duela auzi honetan azken hitza Eusko Jaurlaritzarena dela; izan ere, "Ingurumen-Inpaktu Deklarazioa ematen badu proiektuak aurrera egingo du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak