Oihana Kortazarrek Monte Perdidoko errekorra ondu du (5.43)

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 11

Oihana Kortazar, Perdidoko tontorrean. Argazkia: Biel Rafols.

Gaur, hilak 11, Mendien Nazioarteko Egunean, eman dute jakitera joan den uztailean Oihana Kortazar mendi lasterkariak Monte Perdidon (3.355 m) egin zuen errekorra. Torlatik irtenda –Guardia Zibilien koarteletik– 5 ordu eta 43 minutu erabili zituen Pirineotako tontor esanguratsu horretara joan-etorria egiteko.

Ez da lehenengo aldia Salomon etxeko lasterkariak halako errekor bat lortzen duena. Aneton 2021ean ondu zuen errekorra, eta baita 2023an Teiden ere. Oraingoan Monte Perdidon (3.355m) egin du erronka, eta hainbat hilabetez isilpean mantendu dute, saiakera uztailaren 25ekoa delako. Hala, mendien eta glaziareen garrantziaz jabetzeko Salomonetik gaurkoa moduko egun esanguratsuan argitaratu dute bideoa, eta bertan Kortazarren igoera eta jaitsiera jaso dute, 48 kilometro eta 2.500 metrotako desnibela izan duen bakarkako lasterketa, eta elgetarrak 5.43an geratu du erlojua.

Zera azaltzen du bideoan: "Igoera gogorra egin zait, bereziki bigarren zatian, lehenengoan nahiko ondo joan naiz. Saiatu naiz Gorizko aterpetxera denbora txukuna eginda iristen (2.12) eta hortik gorako bidea hartu dugu. Escupidera inguruan zail jarri zaizkit gauzak, ez zen erraza aurrera egitea, baina jaitsiera gogorra izan da, elurtegia zeharkatzea, ondoren pare bat eroriko txiki izan ditut… Baina orokorrean erronka polita bete dugu, guztira 5.43ko denbora eginda". 

Hain zuzen, gizonezkoetan ere orain egin berri du Dani Izquierdok errekor berria (4.16). Aurreko errekorra Aritz Egeak zeukan, eta Izquierdok zortzi minututan ondu zuen marka.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak