Oihana Kortazarrek errekorra hautsi zuen atzo Teiden. Espainiako mendirik altuenaren (3.718 metro) igoera eta jaitsiera errekorra hautsi zuen, 0-4-0 ibilbideko 54 kilometroak (El Socorro hondartzatik Teideko tontorrera) 6 ordu, 41 minutu eta 18 segundotan eginda. Korrikalari elgetarra Los Realejosen dagoen El Socorro hondartzatik abiatu zen eta 4 ordu, 17 minutu eta 13 segundoan iritsi zen Teideko gailurrera. Jaisten, aldiz, zailtasun handiak izan zituen. Orkatila bihurritu zuen hainbatetan, eta bi ordu eta hogeita lau minutu behar izan zituen jaisteko.
