Hamazazpi astigar zeuden errepidearen alde bietan Karabietatik beherako herri sarreran. Udalak azaldu du ondoan dauden etxeetako bizilagunen eskaera zela zuhaitzak kimatzea; izan ere, arazoak izaten zituzten haize handiko egunetan apurtutako adarrekin.
Aldunditik jakinarazi dute birritan izan direla teknikoak zuhaitzak aztertzen. "Ohiko kimaketa lanak egitea zen hasierako asmoa, baina ikusi zuten astigarrek gaitza zeukatela eta asko usteltzen eta lehortzen hasita zeudela. Hala, erabaki zen oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunagatik guztiz kentzea". Bestelako arriskuak ere ekiditen direla gaineratu dute: "Batetik, ibilgailuak errepidetik ateraz gero arriskutsuak dira. Bestetik, zuhaitzen sustraiek kalte handiak sor ditzakete zoruan eta arrisku egoerak eragin (...) Garai batean oso ohikoa zen errepide bazterretan zuhaitz ilarak landatzea, baina gaur egun ez da baldintza horietan egiten segurtasun eta ikusmen kontuengatik".
Arbola-ipurdiak
Udalak kezka azaldu du agerian dauden arbola-ipurdiak direla-eta. Arrisku iturri izan daitezkeela uste du Ibon Unzetabarrenetxexa alkateak. Aldunditik esan dute "oraingoz" ez direla kenduko, "ez baitute arriskurik".
