Amantalak talde feministak antolatuta, Emakumea eta kirola ekimeneko bigarren aldia egin zuten zapatuan. Iaz, pilota izan zuten jarduera nagusia eta aurten dantza izan da. "Oso gustura ibili ginen", adierazi du taldeko Ainara Belamendiak. "Egun intentsua izan zen, baina oso ondo irten zen. Pozik gaude; errepikatzeko gogoz".
Luzaketa ariketak eta zumba saioa izan zituzten egunari hasiera emateko. "Plazan hasi ginen jendea erakartzeko eta animatu ziren bateren batzuk", azaldu du Belamendiak. Hala, herriko hainbat lekutan egin zuten dantza. Plazan hasi eta kantxara egin zuten. Gero, kantxatik gimnasiora. "Poteoa eta bazkaria ere egin genituen. Azken hori Ozkarbi elkartean. Hamabost bat lagun ginen izena emanda eta izan zen gehitu zenik bai goizeko zein arratsaldeko saioetara". Adin tarte desberdinetako emakumeak elkartu zirela azaldu du Belamendiak, baina sumatu zutela gaztetxoen zein 30-40 urte arteko emakumeen hutsunea.
Zumba, erromeria, swing eta aretoko dantzak egin zituzten Ibone Ramos, Bea Sarraoa, Idoia Elkoro, Esti Bravo eta Maike Herrero irakasleen gidaritzapean. "Irakasleak oso ondo aritu ziren eta besteen dantza saioetara ere animatu ziren", esan du Belamendiak. Itxura guztiaren arabera hurrengo urtean ere egongo da Emakumea eta kirola jardunaldia herrian.
Erakusketa ere bai
Zapatuko egitarauarekin lotuta erakusketa bat ere egon da ikusgai aste bukaeran. Zeramika gelan zabaldu zuten Amantalak talde feministako hainbat kidek prestatuta. Dantzak Elgetan izan duen historia jaso dute bertan, batez ere euskal dantzei erreferentzia eginez. Argazkiak, orain desagertuta dagoen Ozkarbi dantza taldearen materiala eta jantziak, musika partiturak...
Joakin Gastesik bultzatuta jaio zen Ozkarbi dantza taldea eta Joxe Arrizabalagaren bidez Eibarko dantza maisu Gregorio Santa Cruzek eman zituen lehenengo eskolak. Erakusketan egon dira ikusgai, esaterako, 1963. urteko Santiago Egunean egindako Elgetako lehen euskal jaietako argazkia, 1966. urtean Gregorio Santa Cruzi Arraten egindako omenaldikoa, garai desberdinetako dantza taldeetakoak edo Arratera begira eta Egoarbitzako makil-dantza dantzetako partiturak.