18.000 euro gehiago euskara bultzatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 6a

Elgetako udalbatza, urri amaieran egindako osoko bilkuran.

15.000 euro izango dira Elgetan euskarazko kultura ekitaldi gehiago programatzeko eta 2.848 euro eskolan euskara errefortzu saioak eskaintzeko. Aurten gauzatuko ez den eskolako jangela proiektuko diru-partidatik bideratuko du dirua Udalak.

Udalbatzak urriko osoko bilkuran hartu zuen erabakia, EAJko ordezkarien abstentzioarekin. 148.848 euroko kreditu aldaketa proposamen zabalago baten barruan aurkeztu zituen bi egitasmoak EH Bilduren udal taldeak. Operazioak biltegi funtzioa beteko duen lokal baten erosketarako 105.000 euroko diru-lerro bat, liburutegiko materiala berritzeko 20.000 euroko beste bat eta udal webgunearen garapenerako 6.000 euroko beste bat ere aurreikusten ditu.

"Ziurrenik, gastuak egin beharrekoak izango dira, baina betiko diskurtsoarekin jarraitzen dugu: ez gaude ados prozedurarekin", esan zuen Mikel Larrea jeltzaleak. "Gainera, liburutegiko zein webguneko partidak gastu korronte modura ikusten ditugu guk, eta ez inbertsioen atalean. Bestetik, ez dakigu urte hasieran asmo horiek guztiak zenituzten edo jangela proiektua bertan behera gelditu delako egin behar dituzuen orain".

Ibon Unzetabarrenetxea alkatearen erantzuna argia izan zen: "Noski duela eragina jangela proiektua alde batera utzi izanak. 300.000 euroko partida bat behar zen eta gastuak txikitu egin behar izan genituen aurrekontuan hori sortzeko. Orain, jakinda jangelaren egitasmoak ez duela aurten aurrera egingo, batzorde bakoitzak dituen beharrak aztertu ditugu, eta behar horiek asetzera dator erabaki hau".

Hitzarmena Alokabiderekin

Osoko bilkuran bi talde politikoak bat etorri ziren Udalaren eta Alokabide sozietate publikoaren arteko hitzarmena berritzeko. "Uste dugu positiboa izango dela sustatzeko hutsik dauden etxebizitzen mobilizazioa, prezio duinean", esan zuen alkateak.

Oposizioak, berriz, "oso beharrezko" ikusten du hitzarmena. "Ez dugu errekarguetan bakarrik sinisten. Sustapena egin behar da, eta beste erakunde batzuekin elkarlanean. Uste dugu, gainera, oso baliagarriak izango direla martxan dugun etxebizitzen egoeraren gaineko azterlanaren emaitzak, hitzarmen honetan jasotzen dena kontuan eduki eta hobeto aplikatzeko", azaldu zuen Lakak.

Bake epaile izendapenik ez

Elgetako Udalak, bestalde, bake epaile lanak egingo dituen boluntario bila jarraitzen du. Juan Ramon Irazabalek betetzen du kargu hori gaur egun, baina erreleboa behar du. Bi boluntario aurkeztu dira. Bat udal langilea da, eta kargu biak ez dira bateragarriak, eta bestearen euskara gaitasunaren inguruko zalantzak agertu zituen udalbatzak. Hala, erabakia izan zen izendapena atzeratzea, zalantza argitu artean edo boluntario gehiago aurkeztu bitartean.

Jeltzaleen galdera

Galderen tartean Iker Laka jeltzaleak hartu zuen hitza eta erreferentzia egin zion EH Bilduko alkateek egindako agerraldi bati, non azaltzen zuten gobernatzen dituzten udalek eta entitateek eten egingo dituztela harremanak Israelekin. "Gure galdera da: Udal Gobernu honek badaki Udalak zuzeneko edo zeharkako harremanik duen Israelekin? Eta horrela bada, zein neurri hartuko ditu?".

EH Bilduko ordezkariek erantzun zuten Elgetako Udalak bertako enpresekin egiten duela lan eta zuzeneko harremanik ez dagoela. "Ez dugu uste enpresa horiek Israelekin lan egiten dutenik. Ezezkoan gaude, baina begiratuko dugu"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak