Elgetako udalbatzak atzo eman zien hasierako onarpena 2026ko ordenantza fiskalei. Udal Gobernuaren proposamena izan zen Udalak kobratzen dituen udal zerga eta tasei %3ko igoera orokorra aplikatzea. "Aurreikuspena da hurrengo urtean 39.000 euro gutxiago jasoko ditugula Foru Funtsetik eta kontuan hartuta urteko KPIaren batez bestekoa zein den gure proposamena da ordenantza fiskalei %3ko igoera orokorra aplikatzea", esan zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.
Igoera orokor horretatik salbuetsita geldituko dira ludoteka, gazteleku, udako aisialdi zein kirol jardueren gaineko tasak. Kontrara, %6ko igoera izango du zaborraren gainekoak. "Aurreko urtean igoera garrantzitsua egin genuen zaborraren gaineko tasan, baina hala ere defizitarioak irten gara. Europako legeak ezartzen digu gastu hori estaltzeko bete-beharra eta egindako kalkuluen arabera %6ko igoera aplikatu behar da", gaineratu zuen Unzetabarrenetxeak.
Azkenik, zenbait hobaritan egokitzapenak egingo dira. "Ontzat hartu ditugu EAJk egindako zenbait proposamen eta, esaterako, ondasun higiezinen gaineko zerga hamar zergalditara jaitsiko da eguzki energia aprobetxatzeko sistemak instalatuta dituzten jabekideendako. Bestetik, ibilgailuen zergari dagokionez eta elektrikoak zein hidrogenozkoak direnak bultzatzeko, azken horiek %75eko hobaria izango dute. Aldiz, hibridoak zein gas errekuntzakoak direnek %45ekoa".
Oposizioaren abstentzioarekin
EAJko ordezkariak abstenitu egin ziren."Ados gaude %3ko igoera orokorrarekin eta eskertzen dugu elkarrizketarako zuen borondatea eta onartutako proposamenak", esan zuen Mikel Larreak baina onartuak izan ez diren proposamenak ere egin dituztela azpimarratu zuen jeltzaleak. "Borondate onarekin eta bide antzerakoan ari gara lanean, baina uste dugu oraindik informazio asko falta zaigula", esan zuen. Aipatu zituen egin bide diren hainbat azterlan: etxebizitza hutsen gaineko azterlana, zabor kudeaketaren gastuarekin lotutakoa, enpresen ikuskaritza fiskala...
Zerga sistemak progresiboa beharko lukeela ere nabarmendu zuen Larreak. "Tendentzia hori da; diru gehien daukanak gehiago ordaindu beharko luke. Elgetan tipo bakarreko zergak ditugu eta herritar guztiei berdina aplikatzen zaie. Horrek aldatzen joan beharko luke".
Berraondokoan lokala erosteko negoziazioetan
Kreditu aldaketa ere onartu zuen Udal Gobernuak atzoko osoko bilkuran; hain zuzen ere, eskolako jangela eredua aldatzeko udal aurrekontuan ezarritako 300.000 euroko partidan dauden diruarekin sortu dituzte hainbat diru-lerro berri.
Nagusiena –105.000 euro– Berraondokoan dagoen lokal bat erosteko izango da. "Gaztetxean material asko daukagu eta atera egin behar dugu beste premia batzuk asetzeko. Udala badabil Elgetako lokal bateko jabekide batekin negoziatzen", esan zuen Unzetabarrenetxeak. Gehitu zuen lokal berriak biltegi funtzioa beteko duela. "Ezin dut gehiago esan ez dagoelako ezer sinatuta, baina lokala nahiko prezio onean erosteko aukera izango genuke".
Gainerako partida berriak izango dira eskolan euskara errefortzuak bultzatzeko 2.848 euro, liburutegiko materiala berritzeko 20.000 euro eta udal webgunea berritzeko 6.000 euro. Horrekin batera, beste 15.000 eurorekin indartuko da euskarazko kultura ekitaldietarako hasiera batean aurreikusita zegoen 20.000 euroko diru-lerroa.