Rallysprint autoek hartuko dute Elgeta

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko urr. 10a, 17:36

Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasuaren autoa iaz Goilurrak rallyan. (Argazkilaria: Ander Odriozola)

Bihar, zapatua, jokatuko da Intxortako II. Rallysprinta, eta autoek Elgetan pasa beharko dituzte administrazio-kontrolak zein kontrol teknikoak. Berraondokoa ez da erabilgarri izango eta Kanpanzarrerako errepidea itxita egongo da 09:00etatik 21:00etara.

Motor hotsa izango da bihar nagusi Elgetan. Intxortako II. rallysprinta jokatuko da, 12:00etan hasita, eta, iaz ez bezala, Elgeta erdigunean egongo dira kokatuta administrazio-kontrolak zein kontrol teknikoak pasatzeko guneak; Janela tabernan eta Salbador kaleko plazatxoan, hurrenez hurren.

Hala, goizean goizetik elkartuko dira herrian 49 parte-hartzaileen autoak eta haien segizioak. Berraondokoa ez da erabilgarri izango; izan ere, bertan egongo dira autoak 08:30ak eta 11:00ak artean. Haien atoiek, berriz, Salbador osteko kalean izango dute aparkalekua.

Lasterketari dagokionez, auto bakoitzak lau igaroaldi egin beharko ditu: goizean bi igoera kronometratu Bergarako garbigunetik Kanpanzarrerainoko tartean eta arratsaldean beste bi, baina beherantz, Kanpanzarretik abiatu eta Angiozarrerainoko tartean. Errepidea itxita egongo da 09:00etatik 21:00etara.

Elgetarrak lasterketan

Elgetako Mendi Mendia Racing partaide den A+Gas taldeak antolatzen du rallysprinta. Hala, herritar ugari ibiliko da lanean. Pilotu elgetarrak ere izango dira, ordea, lasterketan. Hain zuzen ere, Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua, BMW 325 E36 autoarekin. Iaz, Propulsion Kopan irabazi zuten. "Aurten berde samar gaude, ez dugu-eta karrerarik jokatu", esan du Beretxinagak. Gorlako Igoeran izan zen elgetarra, baina denboraldi honetan Intxortako rallysprinta izango da Sarasuarekin batera jokatuko duen lehenengo lasterketa. Etxekoak izanik ondo ezagutzen dute ibilbidea eta autoa puntuan dute, baina gainerako pilotuen moduan ez dute entrenamendu-igaroaldirik egiteko aukerarik izango eta lehen zatia garrantzitsua izango dela dio Beretxinagak: "Lehenengo igaroaldi hori izango da autoaren eta gure arteko feelling-a hartzeko unea. Hortik aurrera, ahalik eta ondoen egitea da asmoa".

Beretxinaga motibatuta dago beheranzko bi tramuekin; aldaketa polita dela uste du: "Nobedadea da eta pilotu asko gogotsu datoz. Gehienek igoerak egiten dituzte, eta zaila izango da guk hor tartea ateratzea. Uste dut beheranzko tramuetan egin dezakegula zerbait, egitekotan, baina ausartak izan eta arriskatu egin beharko dugu. Ikusiko dugu". Gainerakoan, lehia egongo dela aurreikusten dute: "Giro ona dago emanda, eta sikuan lasterketa lehiatua izango da. Txapelketako karrera baten faltan, irabazlea erabakita dago. Hor ez dago intrigarik, baina podiuma ez. Uste dut hiruzpalau pilotu nahiko arrimatuta ibiliko direla. Haietako edonor sar daiteke podiumean".

Hiru sarrera-puntu

Iaz moduan, hiru sarrera-puntu izango ditu lasterketak: garbigune parean bat eta Asentzion eta Kanpanzarren beste biak. Sarrera 10 eurokoa izango da. Pilotuek argi dute ibilbide azkarra dela: "Oso azkarra da eta, aldi berean, denetik dauka: lautada, aldapak gora, aldapak behera, eremu azkarrak, eremu motelak... Denetik".

Ikusteko bi eremu gomendatu ditu Beretxinagak. Goranzko diren goizeko bi zatien kasuan, Angiozartik Asentziora heltzeko faltan 500 bat metrora gelditzen den gunea. "Leku ona da rallysprinta ikusteko", esan du Beretxinagak. Beheranzko diren arratsaldeko bi igaroaldiak ikusteko, berriz, beste kokapen bat gomendatu du elgetarrak: "San Kristobal parean, Angiozarrera heltzeko eremu azkarrean". Iaz moduan, sari banaketa ekitaldia Angiozarren egingo dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak