Gorka Idigoras lanak eginda doa Intxortara

Xabier Urtzelai 2025ko urr. 10a, 09:09

Idigoras eta Campos, Peugeot 208 R4-az, Kantabriako rally batean, abuztuan.

Eskoriatzako pilotua, lasterketa baten faltan, Euskadiko rallysprint txapelduna da. "Zapatuan irabaztera irtengo naiz, baina ez dut presiorik, eta ezta arriskatzeko beharrik ere". Eguerdian hasiko dute Intxortako probako bigarren edizioa.

Gabonen aurretik, Peugeot 208 R4 autoa erosi berritan, Gorka Idigorasek ez zuen aurreikusten erabateko ilusioz hasitako proiektu hura ezkerreko hankarekin hasiko zuenik. "Autoa probatzera joan ginen egunean ez genuen hasierarik onena izan, zirkuituan kolpea hartu nuen eta. Aitortuko dizut hasieran beldurra eta guzti hartu niola eta lehenengo lasterketetan ez nituela batere sentsazio onak izan; autoa dominatu ezinik ibili nintzen". 

Berez, azken urteotan gidatu izan duen Clio Sport (260) autoak R4k (210) baino zaldi gehiago zituen, baina auto berria fabrikatik zetorren, Munduko Txapelketak lehiatzen dituen auto bat da, eta noski, baditu bere berezitasunak. "Sarritan gure autoekin mekanikari lanetan ibiltzen garenok uste izaten dugu ingeniariak garela, ingeniariek lasterketetarako propio egindako auto bat hartzen dugun arte", dio, barrez. "Galgak, balaztak, autoaren beraren erreakzioak... Clio autoak indar handiagoa zeukan, baina oraingoak askoz hobeto aprobetxatzen du daukan indarra, bihurguneetan ez dugu abiadurarik galtzen, askoz auto osoagoa da. Bestalde, egia da erosterako orduan ez direla auto merkeak, baina, ondorengo mantenu lana Clioa moduan guk geuk egin genezake. Hori bai, pieza guztiak Peugeot-eko fabrikan erosi behar ditugu, bai ala bai". 

Idigorasek badaki oraindik Peugeot 208 R4 gehiago zukutu dezakeela, baina, horrekin itsutu barik, lehenengo urte honetan izan duen erregulartasuna nabarmendu du. "Jendeak esaten dit kanpotik ere nabaritzen dela askoz azkarrago goazela, eta auto barruan ere igartzen da hori, noski; orain, guk dominatzen dugu autoa, eta ez alderantziz. Urte hasieran ez nuke pentsatuko aurten txapelketa irabaziko genuenik. Eta oraindik badugu zer hobetu".

Gorka Idigoras pilotua eta Nerea Campos kopilotua, lagun eta senitartekoekin, autoaz batera.

Arriskatzeko beharrik gabe

Rallysprint denboraldia amaitzeko lasterketa baten faltan –Intxortakoa– Idigorasek ez dauka arriskatzeko beharrik. Izan ere, azken bi urteotan txapela jantzi duen Aitzol Apalantzak istripua izan zuen azken lasterketan, Elgoibarren; ordura arte, azkoitiarrak eta eskoriatzarrak pare-parean zituzten indarrak, baina Apalantza erretiratu izanak bidea lausotu dio eskoriatzarrari, eta dagoeneko ez ditu behar Intxortan jokoan egongo diren puntuak. "Aramaion, Eskoriatzan, Sabandon... lortutako puntuak oso garrantzitsuak izan dira txapela irabazteko; erregularrak izan gara. Uste genuen Intxortan erabakiko zela txapelketa, baina ez. Egia da Apalantzak istripua izango ez balu asteburu honetan dena izango genuela jokoan Intxortan, eta akaso orain ez duela horrenbeste emozio izango biharkoak, baina... nik behintzat eskertzen dut azken lasterketan horrenbeste arriskatu behar ez izatea. Hori bai, betiko moduan, irabaztera joango gara. Bestalde, ez dakit Apalantzari Elgoibarren zer gertatu zitzaion; askotan, etxean edo etxetik gertu lehiatzen garenean behar baino gehiago arriskatzen dugu, eta, beharbada, horregatik izan zuen istripua".  

Intxorta, zapatuan

Esan moduan, rallysprinten egutegiko azken proba jokatuko dute bihar Debagoienean. A+Gas taldeko Ander Sarrao pilotu eta antolatzaileak hartu du hitza: "Lehenengo bi txandak goizean egingo ditugu, 12:00etan hasita. Bergarako garbigunetik hasi eta Angiozarko bidean gora egingo dugu, Kanpanzarreraino. Arratsaldeko bi txandak alderantziz izango dira, baina ez gara Bergararaino iritsiko; Angiozarren amaituko dira tramu horiek".

Zapaturako eguraldi ona aurreikusten dute: "Eskertzekoa da, bereziki publikoa eta laguntzaileak gusturago egoten direlako. Gainera, Intxortatik behera, Angiozarreraino, oso malda handiak daude eta autoek abiadura handia hartzen dute. Asfaltoa bustita badago kontuz ibili beharreko tramua da. Gainera, aurten ere pilotu dezente batuko gar, iaz baino gehiago; horrenbestez, pozik gaude".

Debagoieneko parte-hartzaileak

Zapatuan (12:00) 49 pilotu batuko dira Intxortako rallysprintaren bigarren edizioan; iaz baino zortzi gehiago. Horietatik hamabost dira debagoiendarrak.

  • Gorka Idigoras. Peugeot 208 R4
  • Ander Sarrao. M3 E36
  • Aitor Zabaleta. M3 E36
  • Iñigo Errasti. Clio Sport
  • M. Beretxinaga. BMW 325
  • Joseba Frutos. Clio Sport
  • Jose Ferreira. Ford Fiesta N5
  • Gorka Marquez. Peugeot 205 
  • Unai Jurado. BMW 325
  • Mikel Alustiza. BMW Compact
  • Jokin Gutierrez. 206 XS
  • A.Arriolabengoa. AX Sport
  • Alex Calzon. BMW E36
  • Jokin Mellado. BMW E36
  • Gorka Urrutia. Ford Focus

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak