Jeltzaleek herri galdeketa eskatu dute "elgetarrak izan daitezen bigantxei buruz erabakitzen dutenak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko ira. 26a, 00:01

Elgetako EAJ udal taldeko hiru ordezkariak: Josu Leturia, Iker Laka eta Mikel Larrea.

Elgetako jeltzaleek "azken urteetan ezarritako zentsura" salatu dute eta "herritarren ahotsa entzutea" eskatu dute.

Sagardo Eguneko azokan gaztetxo talde batek egindako sinadura-bilketak soka ekarriko duela dirudi. Elgetako jeltzaleek, orain, herri galdeketa eskatu dute "elgetarrak izan daitezen bigantxei buruz erabakitzen dutenak".

Salatu dute, Udalaren bermearekin, udalerriko gazte talde bati galarazi egin zaiola bigantxekin antolatutako jarduerak bere kabuz antolatzea, "eta hori alde bakarreko erabakitzat eta oso larritzat" jo dute.

Talde jeltzalearen ustez "alde nabarmena dago Udalak horrelako ekitaldietan parte hartu nahi ez izatearen eta beste kolektibo batzuek haien kabuz horiek antolatzea debekatzearen artean". Gazte talde horren aldarrikapena babestu eta elkartasuna helarazi diete. "Eskaera honetan ondoan izango gaituzte", ziurtatu dute.

"Eztabaida irekitzeko unea"

Elgetako jeltzaleen ustez "unea iritsi da jarrera sektarioak atzean utzi eta herrian benetako eztabaida irekitzeko, inposiziorik eta aurreiritzirik gabe". Gehitu dute: "sektore animalista batzuek eta ezker erradikalenek sustatutako betoaren kulturari uko egin behar diogu".  Zentzu horretan, azpimarratu dute ezin direla modu interesatuan berdindu sokamuturra edo bigantxekin egindako jolasak eta zezenketak. Ohartarazi dute ñabardurarik gabe kriminalizatzeko arriskua dagoela: "Are gehiago, herritarrei galdetzen ez zaienean eta haien iritzia ezagutzen ez denean".

"Autoritarismoa da"

Talde jeltzaleak, bestalde, EH Bilduren inkoherentzia salatu du uda honetan adierazi baitu gai horiek presarik gabe jorratu behar direla gobernatzen duten beste udalerri batzuetan. Elgetako EAJen iritziz "ez da bidezkoa Udalaren inplikazioarekin edo gabe, edozein ospakizun alde bakarretik eragoztea. Autoritarismoa da, eta gazteek entzunak izateko eskubidea dute".

Horregatik guztiagatik, jeltzaleek uste dute biderik onena herri galdeketa bat egitea dela "herriak iritzia eman eta erabaki dezan zer jai eredu nahi duen". Gaineratu dute ezker abertzaleak "etengabe" aldarrikatzen duela bere burua "herriaren ordezkari gisa". Ondorioztatu dute: "Froga dezala. Herriari benetan entzun diezaiola eta herri galdeketa bat antola dezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak