Azken eguna zapatuan Elgetan jokatuko den Euskal Herriko II. boleta-maratoiko bazkarian izena emateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko abu. 27a, 11:55

Boleta-maratoia Salbadorko bolatokian, iaz.

Iaz egin zen lehen aldiz, eta aurten ere egun berean egingo dira tiraldiak hiru bolatoki desberdinetan. Hiru bolatokietan txirlo gehien botatzen dituen bolariak jasoko du sari nagusia. Bazkaria ere egingo dute eta gaur da izena emateko azken eguna. Interesatuek Bolatoki tabernan eman behar dute izena. Prezioa da 20 euro.

Iaz moduan, Elgetako hiru bolatoki ezberdinetan jokatuko da boleta-maratoia. Zapatuan, abuztuak 30, jokatuko da Zabaleta auzoko bolatokian (12:00), Salbadorkoan (17:00) eta Elgetakoan (20:00). Ez da ohikoa egun berean hiru bolatoki ezberdinetan jokatutako boleta-maratoia antolatzea; izan ere, hiru bolatoki prestatu behar dituzte egun bererako.

Bestetik, erronka polita da bolariendako. Ezaugarri ezberdinetakoak dira hiru bolatokiak eta bolari trebea izan behar da hiruretan marka ona egiteko. Boleta-maratoiak interesa piztu zuen iaz –30 parte-hartzaile izan ziren–, eta aurten ere horrela gertatzea espero dute antolatzaileek. 

Sariak ere iragarri dituzte. Aurreneko bost bolari onenendako sariak egongo dira. Txapeldunak txapela, 150 euro eta bola eskuratuko ditu; bigarrenak, berriz, 75 euro eta urdaiazpikua. Hirugarrenak 50 euro eta gazta; laugarrenak, bi lagunendako bazkaria Elgetako Bolatoki tabernan eta, bosgarrenak, ortuko sorta eder bat. Horrekin batera, bolatoki bakoitzeko saria honakoa izango da: jasotakoaren %40 bolari onenarendako, %30 bigarren sailkatuarendako eta %20 hirugarren onenarendako.

Bazkarirako izen-ematea

Gaur da Zabaleta auzoan egingo den bazkarian izena emateko azken eguna. Bazkaria 14:00etan izango da. Interesatuek Elgetako Bolatoki tabernan eman behar da izena. Menua da: errusiar entsalada, oilaskoa, postrea eta edariak. Prezioa 20 euro da.

Iazko boleta-maratoiaren kronika hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak