Elgetako udalbatzak aho batez onartu du 'Gazako genozidioa gelditu!' mozioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 23a, 16:45

Herritar taldea udalbatzari 'Gazako genozidioa gelditu!' mozioa aurkezten.

Orain arte egindako agintaldiko osoko bilkurarik jendetsuena izan zen atzokoa. Bai behintzat lehenengo puntua onartu arte. Gazako genozidioa gelditu! izenburupean mozio bat aurkeztu zuen herritar talde batek, eta bilkurari hasiera eman aurretik elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek Mendizaleen plazan.

70 bat lagun elkartu ziren elkarretaratzen eta ordu laurdeneko bilkura egin zuten Palestinako hainbat bandera tarteko. Elkarretaratzean izan ziren bai EH Bilduko udal ordezkariak bai EAJkoak.

Osoko bilkurako azken puntu moduan zegoen aurreikusita mozioaren eztabaida, baina hasierara ekartzea adostu zuten bi udal talde politikoetako ordezkariek. Jendez bete zen udaletxeko areto nagusia.

Harrera hitzen ostean, Fernando Albenizek eta Felix Irizarrek hartu zuten hitza. Israel Gazan egiten ari den "sarraskia" salatu zuten. Elgetaren iragana ekarri zuten gogora eta aitortu zuten lehenago aurkeztu behar zutela mozioa. Udal ordezkariei eskatu zieten mozioa babesteko eta inguruko erakundeetan ere onarpena bultzatzeko.

Elgetako udal ordezkariek aho batez babestu zuten mozioa. Bultzatzaileei eskerrak eman zizkieten mozioa aurkeztu izanagatik eta hitz gogorrak izan zituzten Israelendako bai Ibon Unzetabarrenetxea alkateak bai EAJko bozeramaile Iker Lakak. 

Bozketarekin eta txalo zaparradarekin amaitu zen mozioa onartzeko puntua.

Mozioa hemen dago irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak