Atzo hasi ziren Ferixa Nagusiko jaiak, eta luze jo du gauak askorendako. Gaur, Umeen eta Erretiratuen Eguna da, eta Intxorta elkarteak kuadrillei eskainitako hamaiketakoarekin eman diote hasiera askok.
Hiru herri bazkari izango dira gaur. Umeen bazkarirako 60 neska-mutiko inguru zeuden izena emanda martitzenerako. Aurten, Janela tabernak emango du bazkaria, eta, betiko moduan, Maala Guraso Elkartea arduratuko da banaketa egiteaz.
Erretiratuen bazkaria da eguneko beste klasikoetako bat. 54 lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan, Elgetako kiroldegian. Aurretik, meza entzun eta jaietako argazkia aterako dute. Aurten, gainera, Elgetako Koruko Kantoriek girotuko dute bazkalostea.
Gazteen bazkaria da eguneko berrikuntzetako bat: Gazte Asanbladak antolatuta, aurten lehenengoz, 53 gaztek bazkalduko dute txosnagunean.
Herri kirolak
Herri kirolen erakustaldia izango da gaur herrian; aizkolariak eta harri-jasotzaileak ikusteko aukera egongo da bertan. 18:00etan hasita, plaza barrenean izango dira lanean Jon Unanue, Jon Gisasola, Ioritz Gisasola eta Uxue Ansorregi. Nork bere erakustaldia egingo du, eta, ondoren, binaka arituko dira.
Herri bazkaria zapatuan
Herri Eguneko bazkaria izan ohi da jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa, eta aurten ere horrela izatea aurreikusten da. 14:30ean izango da bazkaria, plazan, eta, urtero moduan, 500 errazio paella inguru prestatuko ditu Vicente Quintana paella-egileak. Goizean goiz hasiko da lanean. Antzerako zeregina izango du Peio Bilbao elgetarrak, 100 kilo saiheski prestatuko baititu hark. Txartelak salgai daude Bolatokian, Lolan, Haizean eta Maialden: paella 6 eurotan eta saiheskia 4tan eskuratu daitezke.
Bazkaldu aurretik, udal ordezkariek harrera egingo diete iazko jaietatik hona jaiotako zortzi neska-mutikoei eta haien gurasoei. Ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian. Ostean, Bergarako erraldoiak eta kilikiak herriko kaleetan ibiliko dira dantzan. Laugarren urtez izango dira Ferixa Nagusiko jaietan, eta aurten hamar-hamabi erraldoi inguru igotzea espero dute.
Ondoren, Elgetako 44 haurrek euskal dantzen ikuskizuna eskainiko dute. Dantza ikuskizuna amaitutakoan, herriko bi edadeturi zapia jantziko diete: 96 urteko Everisto Garcia Celoriori eta 95 urteko Mari Carmen Irazabali. Goiza udalbatzaren soka dantzarekin amaituko da; Ibon Unzetabarrenetxea buru dutela, herritarren aurrean egingo dute dantzan zinegotziek. Herrira iritsi berri direnek ere aukera izango dute soka dantzan parte hartzeko.
Mariatxiak eta rantxerak
Guanajuato eskualdekoak dira Mexikoko errepertorio zabala ekarriko duen Mariachi Imperial de Guanajuato taldeko kideak. Besteak beste, Veracruz, Nuevo Leon eta Jalisco zonetako piezak eta dantzak eskainiko dituzte.
Domekan azoka
Urteroko azoka egingo dute elgetarrek Ferixa Nagusiko jaietako azken egunean, domekan. 50 bat postu izango dira baserritarren eta artisauen azokan, eta 50etik gora idi pare ganadu azokan, ardiak, ahuntzak, behorrak, astoak, behiak eta txahalak ahaztu gabe. Kanpoko jende gehien erakartzen duen ekitaldia izan ohi da, eta aurten ere gomendioa da Pagatza industrialdeko aparkalekuak erabiltzea.
Pilota jaialdia
Domeka arratsaldeko pilota jaialdia izango da jaietako kirol hitzordu garrantzitsuenetakoa. 17:00etan hasiko da, udal pilotalekuan. Bi norgehiagoka daude iragarrita: Zubizarreta III.ak eta Senarrek jokatuko dute lau eta erdikoa; binakakoan, berriz, Urrutikoetxeak eta Lizeagak Peñaren eta Ugartemendiaren aurka egingo dute.
Gazte Asanbladarenak
Txosnagunean atzo, eguena, ireki zuten, txupinazoarekin eta mozorroen sari banaketarekin. Niere, No Limits eta Berandu Baino Lehen taldeen kontzertuak, gaupasero-argazkia, bingoa, zumba saioa eta etxeko DJen emanaldiak daude aurreikusita domekara arte. Txosna zabalik izango da gaur, 15:00etatik aurrera, eta bihar, 16:30etik aurrera.
Erdigunea, oinezkoentzako
Jaietan erdigunea oinezkoendako da, eta ibilgailuek Salbador kale osteko errepidea erabili behar dute. Egoera hori izango da domeka gauera arte, eta plazako autobus geltokia Berraondokora aldatuta dago.
Gaueko autobus zerbitzu berezia izango da gaur gauean, 00:00etatik 02:30era. Ordutegiak ikusgai daude Lurraldebus.eus atarian.