Kantorien kalejira da berritasuna Elgetako Erretiratuen Egunean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko ekainaren 30a

Jaietako egitarauaren barruan, kantorien kalejira egingo dute aurreneko aldiz, eta tabernaz taberna ibiliko dira herria alaituz. Herritar guztiei egin diete parte-hartzeko deia.

Egubakoitzean Umeen Eguna izateaz gain, Erretiratuen Eguna ere izango da, eta berritasun bat edo beste izango du. Iazko jaietatik hona hil diren jubilatuen aldeko meza egingo dute,  12:00etan, eta 12:20an erretiratuen argazkia aterako dute.

Aurten lehendabiziko aldiz, jaien barruan, Elgetako Kantoriek kalejira egingo dute. Taldeko kide Lorea Larrañagak azaldu du hamabi laguneko taldea irtengo dela, baina herritarrei ere parte hartzeko dei egin die. Plazan hasi eta tabernaz taberna ibiliko dira, euskal kantuak abestuz, herrikoiak edota "hain ezagunak ez direnak". Urtean pare bat aldiz kantu-jira egiten badute ere, azkenengoa maiatzean, Euskaraldian, jaietan estreinaldia egingo dute, eta "gogotsu" daudela aurreratu du. Bazkaltzeko elkartuko dira jubilatuak, 14:00etan, kiroldegian.

Zapatuan, Herri Egunean, bazkalaurretik, herriko nagusienei zapiak banatuko dizkiete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak