Jaietako egun handia, Ferixa Nagusia, uztailaren 6an izango da. Urtero bezala, azokaz gozatzeko aukera zabala izango da Elgetan; izan ere, 50 bat postu aurreikusten dira plazako azokan eta 40 bat ganadutegiko Berraondokoako ganadu azokan. Horien artean 6-7 izango dira herriko ekoizleak. Ganadu azoka prestatzen laguntzen duen Agustin Beretxinagak ehun bat idi pare aurreikusten ditu.
Azoka eguneko beste klasikoetako bat eskupilota jaialdia da. 18:00etan hasiko da eta bi norgehiagoka daude aurreikusita. Zubizarreta III.a eta Senar lau eta erdian lehiatuko dira; eta binakakoan, Urrutikoetxea eta Lizeaga Peña II.aren eta Ugartemendiaren aurka arituko dira. Sarrerek salgai jarraitzen dute, online zein Bolatokian.
Herri kirolak barikuan
Herri kirolek ere izango dute tartea Ferixa Nagusiko jaietan. Barikuan egingo dute erakustaldia Jon Unanuek, Jon Gisasolak, Ioritz Gisasolak eta Uxue Ansorregik. 18:00etan ekingo diote saioari, plaza barrenian.