Herri Eguneko bazkaria da ekitaldi jendetsuena

Naia Laka Arrizubieta 2025ko uzt. 2a, 10:00

Urteroko osagai guztiekin dator zapatuko Herri Eguna: jaioberriei harrera, Bergarako erraldoiak, umeen dantza emanaldia, udalbatzaren soka dantza... Herri bazkaria ere izango da, eta aurten ere jaietako ekitaldi jendetsuena izatea aurreikusten da.

Uztailaren 5eko Herri Egunak askotarako emango du aurten ere. Eguerdian, urteroko harrera egingo diete herrian jaiotako neska-mutikoei. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak jakinarazi du zortzi direla eta denak daudela ekitaldira gonbidatuta.

Egunak bestelako protagonistak ere izango ditu; izan ere, Bergarako Erraldoiak konpartsako kideak herrian izango dira. Arduradunek azaldu dute dozena bat erraldoi igoko dituztela aurten Ferixa Nagusiko jaietara, eta, hain zuzen ere, 12:30ean hasiko dela kalejira. Salbador, San Roke eta Maala kaleetan zehar ibiliko dira eta udaletxe aurrean ere dantza egingo dute.

Euskal dantzak

Herriko gazteen euskal dantzen emanaldia eta udalbatzaren soka dantza izango dira 13:00etatik aurrera. Kezka dantza taldeko bi irakasleren gidaritzapean prestatu dute emanaldia herriko 50 bat gaztek. Udal zinegotziek ere prestatu dute soka dantza. "Egin ditugu entsegu batzuk eta nahiko ondo atera dira, baina unean iristen denean urduritasun handia edukitzen dugu, batez ere dantzariak ez garenok", aitortu du alkateak. Herrian erroldatu berriak ere sokan dantza egitera gonbidatu dituzte, eta herriko edadetuenek aitortza jasoko dute; zapi bana emango zaie.

500 lagunentzako bazkaria

Herri bazkaria izan ohi da jaietako ekitaldi jendetsuena eta aurten ere 500 lagunendako bazkaria prestatuko dute Elgetan. Peio Bilbao elgetarrak prestatutako saiheski errea ere egongo da. Txartelak salgai daude Lolan, Maialden, Haizean eta Bolatokian. Jainaga eta Narbaizak egingo dute osteko erromeria. Gazte Asanbladak, berriz, bingoa iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak