Mozorrotzea baino ez da falta festak hasteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 30a, 10:00

Iazko mozorro kalejiran parte hartu zuen talde bat. (Argazkia: GOIENA).

Astebete baino gutxiago falta da Elgetako Ferixa Nagusiko jaietan murgiltzeko; lau egun iraungo du festak, eta adin guztietako elgetarrek badute zertaz gozatu; mozorro festarekin hasiko dira jaiak, eta aurten herritarrek Fantasia gaia aukeratu dute.

Eguenean lehertuko da festa Elgetan, eta lau egunez kolorez jantziko da herria Ferixa Nagusiko jaiak ospatzeko. Adin guztietako herritarrek izango dute zertaz gozatu, eta jaiak ofizialki arratsaldeko mozorro jaitsierarekin hasiko badira ere, Udal Gobernuak 11:00etan bisita egingo die Eguneko Zentroko erabiltzaileei, jaien hasieraren berri emateko.

Eguerdian, berriz, udalekuetako umeen ongietorria egingo diete jaietan egunero kalean ibiliko diren buruhandiei, eta udalekuetako koordinatzaile Nerea Villak aurreratu du gutxienez hiru euskal dantza egingo dituztela haurrek.

Fantasiazko kalejira

Mozorro jaitsiera egingo dute, festak hasteko, Salbador kalean behera herriko trikitilariek eta Burrunbazale txarangak lagunduta, eta aurten, herritarrek bozketa bidez erabakita, Fantasia da mozorro-gaia. Mozorro onena sarituko dute txosnetan.

Lau egunez Leiane Valle izango da alkate txikia, eta hura arduratuko da bidea zabaltzeaz. Ibon Unzetabarrenetxea alkateak aurreratu du alkate txiki izan gura dutenen artean zozketa egiten dutela: "Ilusio handiz hartzen dute kargua".

Umeak protagonista

Egubakoitzean izango da Haurren Eguna, eta, urtero bezala, umeendako jolas-parkea egongo da. Puzgarriak, ohe elastikoak eta zezen mekanikoak egongo dira, besteak beste, eta Elgetako alkateak aurreratu du "bero handia" egiten badu ur jolasak ekarriko dituztela. Umeen bazkaria 14:00etan egingo dute, eta txartelak salgai daude, Janelan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak