Argazki erakusketak 450 bisitari inguru izan ditu lehen asteburuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko eka. 17a, 12:19

Eguenean zabaldu zituzten ateak herritarrek utzitako argazkiekin Udal artxiboko boluntario taldeak egindako erakusketak. "Oso-oso egun politak izan dira eta kalkulatzen dugu 450 lagun inguru pasa dela bertatik. Batzuk hiru bider ere etorri dira", esan du Fernando Larrañagak. Asteburu honetan ere zabalik izango da. Domekan itxiko dute.

Pozik dira Fernando Larrañaga, Txema Barrutia eta Manolo Cainzos. Elgetarrek lagatako 170 argazki elkartu dituzte argazki erakusketa egiteko eta bisitari asko izan dituzte.

Erakusketak eguenean zabaldu zituen ateak eta domekara arte egon da ikusgai. Kalkulatzen dute 450 lagun inguru pasa dela bertatik lehen asteburuan. "Oso-oso egun politak izan dira. Jende asko etorri da eta eskerrak eman dizkigute egiten ari garen lanagatik", azaldu du Larrañagak.

Erakusketan, batez ere, familia argazkiak daude ikusgai; ezkontzak, bazkariak, ospakizunak, familia argazkiak... "Sarreran jarri ditugu argazkiak ekarri dituztenen izenak eta jendea harritu egin da zenbat diren. Hori ikusita, bada jendea argazki gehiago ekarri dituena hurrengo erakusketa batean ikusgai jartzeko".

Bigarren asteburua

Aste bukaera honetan ere ikusgai izango dira argazkiak; eguenetik domekara ohiko ordutegian. Larrañaga, Barrutia eta Cainzos bertan izango dira jendeak egindako ekarpenak jasotzeko. "Laguntza handia ari gara jasotzen. Herritarrak oso lagungarriak dira informazioa osatzeko eta hartu behar dugu kontuan argazki horiek guztiak Udal artxiboa aberasteko izango direla. Oso eskertuta gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak